Gizartea -
Osasuna
Barizelaren aurkako txertoa jaioberriei ere jarriko diete, 2016tik
Euskadin, baina, gaixotasuna izan ez duten 10 urteko umeei ematen jarraituko dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Barizelaren aurkako txertoa adin pediatriko goiztiarrean ematen hasiko dira 2016an, Osasun Ministerioak eta autonomia erkidegoek Lurralde arteko Osasun Kontseiluan adostutako akordioaren arabera. Horrela adierazi du Alfonso Alonso Osasun ministroak sei orduz luzatu den bileraren ostean, prentsaurrekoan. Txertoaren lehen dosia lehen 12 eta 15 hilabeteen artean emango zaio haurrari, eta bigarrena 3-4 urte bitartean.
Datorren urteko aurrekontuentzako eragina 6 milioi euro ingurukoa izango da; hurrengo urterako, aldiz, 14,5ekoa izango da. Alonsoren esanetan, Osasun Sistema Nazionalak har dezake eragin hori.
Jesus Sanchez Martos Madrilgo Osasun kontseilariak emana zuen albistearen berri bileraren etenaldietako batean. Sanchez Martosek baieztatu duenez, erabakia adostasunez hartu dute, baina ez da erabateko adostasunik ez. Antza denez, PSOEk gobernatzen duen autonomia erkidegoetako kontseilariak neurri horren kontra agertu dira zenbait zientzia erakundek justifikatzen ez dutela argudiatuta. Dena den, autonomia erkidego guztiek neurria aplikatuko dutenaren itxaropena agertu du Madrilgo Osasun kontseilariak.
Nafarron eta Euskadin ez du eraginik izango erabakiak
Nafarroan lehendik bazen aukera eta, Foru erkidegoan kasuak gutxitu dela ikusita, txertoa Espainiako gainerako erkidegoetako egutegietan sartzea erabaki dute. Hortaz, Nafarroan ez du eraginik izango asteazken honetan adostutakoak. Egoera hori bera errepikatzen da EAEn; izan ere, Jon Darpon Osasun sailburuak asteartean iragarri zuenez, Euskadik txertoen batzorde aholkulari teknikoaren erreferentzia jarraituko du. Barizelaren txertoari buruzko erabakia "irizpide zientifikoetan eta ez politikoetan" oinarrituta egongo da Euskadin, sailburuak esan zuenez. Gaur egun, EAEn 10 urteko umeei ematen zaie barizelaren txertoa, adin horretara iristerako gaitza pasa ez duten neska-mutikoei, hain zuzen, ere, baina baita beste ume batzuei ere.