Gizartea -
Txostena
Nafarroako 30 urtez azpiko gazteen % 24 besterik ez da emantzipatu
Emantzipazioaren Behategiak jakitera eman duenez, baina, Nafarroa da gazte emantzipatuen kopuru altuena duten erkidegoetan bigarrena.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroako 30 urtez azpiko gazteen % 24 bakarrik emantzipatu dira, Emantzipazioaren Behategiak jakitera eman dituen datuen arabera. Halere, Foru Erkidegoa da gazte emantzipatuen kopuru altuena duten erkidegoetan bigarrena. Urteko lehen hilekoari dagozkion datuak eman dituzte ezagutzera gaur.
Gazteen egoera aztertzen du txostenak, bai Espainia mailan bai eta autonomia erkidegoen mailan. Gaurko aurkezpenean Hector Sazek eta Iñaki Etxeberriak hartu dute pare, Espainiako eta Nafarroako gazteria arduradunek. Gazteen emantzipazioaz gain, txirotasunaren, emigrazioaren eta aldi baterako kontratuen hazkundea ere izan dituzte hizpide.
Espainiako Gaztediaren Kontseiluko presidenteak adierazi duenez, “Nafarroako gazteen emantzipazioa goi mailakoa da, eta emakumeak gizonezkoak baino lehen emantzipatzen dira”.
Langabezia tasa baxuena Nafarroako 30 urtez azpiko gazteek dutela ere gogoratu du Sazek, eta, enpleguari dagokionez, Espainia mailan bosgarren erkidegoa dela Nafarroa.
Etxebizitza baterako sarbideari dagokionez, Nafarroako gazte batek “% 64 gehiago irabazi beharko luke” etxebizitza bat erosi ahal izateko, esan du Sazek. “1.706 euroko soldata izan beharko luke, eta soldataren % 50 etxe bat erostera zuzendu”, gaineratu du.
Gazteen txirotasunaren inguruan “sentsibilizaziorik ez” dagoela nabarmendu du Sazek prentsaurrekoan. Nafarroan, % 20koa da gazteen arteko txirotasuna. “2009. urtetik Nafarroan hazi da gehien gazteen arteko txirotasuna, eta bost lagunetik bati eragiten dio”, zehaztu du.
Emigrazioari dagokionez, 2013a urte esanguratsua izan zela ere nabarmendu du. “30 urtez azpiko herritarrak hartzetik herritarrak ematera igaro zen Nafarroa”, esan du.
Nafarroako Gazteriaren presidenteordeak gazteak “aintzat hartzeko” eskatu dio gobernu berriari.