Gizartea -

NASA

Gizateria, Plutonetik sekula baino gertuago

"New Horizons" espazio-ontzia planeta nanotxikira iritsi da gaur, 9 urteko bidaiaren ostean.

Pluton, "New Horizons" ontziaren begietatik. NASA
Pluton, "New Horizons" ontziaren begietatik. NASA
Pluton, "New Horizons" ontziaren begietatik. NASA

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

New Horizons espazio-ontzi estatubatuarra Plutonera gerturatu da gaur, eta gizateria planeta txiki horretatik inoiz baino gertuago izango da.

Hain zuzen ere, ontzia 12.500 kilometrora jarri da, AEBko Espazio Agentziak (NASA) iragarri duenez. Euskal Herrian 13:49 ziren, eta zuzenean ikusi ahal izan da.

Pluton pasatu eta gero, espazio-ontziak mezu bat igorri ahal izan du. “Ontzia egoera onean dago, arrakasta osoz zeharkatu du Plutonen sistema, eta orain ateratzen ari da”, iragarri du NASAk.

Ontzia 22 ordu egon da inkomunikatuta, biltzen dituen datuak ezin baititu berehala igorri. Gainera, Plutongo sistema ezezaguna denez, ez zegoen argi zerekin egingo zuen topo. Adibidez, harkaitz batekin talka egiteko arriskua bazegoen.

Orain, New Horizons ontzia Kuiper gerrikora bidean dago.

NASAk uste du talka egiteko probabilitate bakarra dagoela 10.000ren artean, baina bidaia honek "espazio ezezaguna" duela helburu gogorarazi du. Horrenbestez, edozer gerta daiteke.

Bederatzi urteko bidaia

New Horizons duela bederatzi urte eta erdi abiatu zen Lurretik, eta, harrezkero, 4.828 milioi kilometro egin ditu. Bidaia hasi eta hilabete gutxira, baina, Nazioarteko Astronomia Batasunak (UAI) planeten zerrendatik kendu zuen Pluton, eta "planeta nano" izendatu zuen.

Orain arte, Pluton espazio-ontzi batek bisitatu ez duen planeta bakarra izan da; horregatik, misterio ugari ditu zientzialarientzat. Gaur hasiko dira argitzen.

Misio honi esker, Pluton uste zena baino handiagoa dela jakin dute zientzialariek. 80 kilometro gehiago ditu zabaleran, eta 2.370 kilometro gehiago diametroan. Gainera, planeta horri inoiz atera dizkioten argazki onenak egin dituzte.

Gaur, mundu berri bat izango dugu begi-bistan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bitxikeriak Gizartea albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Planetei buruzko albisteak gaur