Gizartea -
Eusko Legebiltzarra
'Fracking'a debekatzeko beste urrats bat, EAJren abstentzioarekin
Teknika hori debekatzeko legearen ebazpena onartu dute Legebiltzarreko batzordean.
agentziak | erredakzioa
Legebiltzarreko batzordeak EAEn 'fracking'a debekatuko duen legearen ebazpena onartu du, EH Bilduren, PSE-EEren eta PPren babesarekin, eta EAJren abstentzioarekin. Jeltzaleek frackingaren kontrako plataformarekin bildu nahi dute teknika erabiltzen hasteko epea atzeratzea aztertzeko.
Ekainaren 17an, 100.000 sinadura jaso zituen herri ekimen legegilearen txostena, haustura hidraulikoa ('fracking'a) debekatzea proposatzen zuena, onartu zuten hiru alderdi politikoetako taldeek (EH Bildu, PSE-EE eta PP).
EAJk kontra bozkatu zuen orduan, eta datozen bost urteetan teknika horren erabilpena debekatzea proposatu zuen. Moratoria hori, baina, baztertu egin dute gainerako alderdiek, eta ez dute ebazpenean sartu.
Horren harira, Javier Carro EAJren legebiltzarkideak alderdien adostasuna azpimarratu du, baina azken erabakia atzeratzearen aldeko jarrera berretsi du.