Gizartea -
Etxebizitza
Legebiltzarrak Etxebizitza Legea onartuko du gaur
EH Bilduk, PSE-EEk eta UPyDk alde bozkatuko dute, eta EAJk eta PPk, aldiz, aurka.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Legebiltzarrak Etxebizitza Legea onartuko du gaur, EH Bilduk, PSE-EEk eta UPyDk alde bozkatuta. EAJk eta PPk aurka egingo dute.
Lege-proposamenaren idatzia maiatzaren 27an onartu zuten. Besteak beste, honako neurriak aurreikusten ditu: alokairu merkea izateko eskubidea eskubide subjektiboa izatea, okupatuta ez dauden etxebizitzei zergak jartzea eta hutsik dauden eta bankuenak diren etxebizitzak desjabetzea.
Eusko Jaurlaritza legearen aurka agertu da, "mundu osoan dei efektua" izango duela iritzita.
Legearen arabera, EAEko herritar guztiek izango dute etxebizitza izateko eskubide subjektiboa. Horrenbestez, etxebizitza bat lortzeko baliabiderik ez dutenek Administrazioari eskatu ahal izango diote legez.
Eskubide hori gauzatzeko, gutxieneko soldatara iristen ez direnei ezingo zaie alokairuagatik errentaren % 15 baino gehiago eskatu. Legeak aurreikusitako gainerako kolektiboetan, muga hori % 30era igoko da.
Bestalde, hutsik dauden pisuengatik zigor ekonomikoak jartzea jasotzen du lege berriak. Isun moduko hori etxebizitzak bi urte hutsik daramatzanean jarriko da indarrean, eta 10 eurokoa izango da metro koadroko. Gainera, kanon hori % 10 garestituko da hutsik jarraitzen duen urte bakoitzeko, hasierako kanona hirukoitzeraino gehienez ere.
Era berean, hutsik dauden etxeak alokairura behartzea ere aurreikusten du legeak, eta EAEn eraikitzen diren etxebizitza publikoen % 80 alokairura bideratuko da lehenengo bost urteetan. Ondoren, guztiak izango dira alokatzekoak.