Gizartea -

Eutanasia

Frantziako tetraplegiko bat hiltzen uztea baimendu du Estrasburgok

Vicent Lambert bizirik mantentzen duen makina amatatu ahalko dute, anai-arrebetako batzuk eta emazteak eskatu duten bezala.

Vicent Lambert. EiTB
Vicent Lambert. EiTB
Vincent Lambert hiltzen uzteko baimena eman du Estrasburgok

1:10

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Vicent Lambert Frantziako tetraplegikoa bizirik mantentzen duen makina itzaltzeak ez du gizonaren bizitzeko eskubidea urratzen eta, beraz, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak hiltzen uztea baimendu du.

Lamberten anai-arrebetako batzuei eta emazteari arrazoia eman die, horrenbestez, Estrasburgoko auzitegiak. Lambert egoera begetatiboan dago 2008an zirkulazio istripu baten eduki eta tetraplegiko geratu zenetik. Garuneko kalte larri eta itzulezinak ditu.

Lambert guraso eta bi anai-arrebak, katoliko tradizionalistak izaki, gizona hiltzen uztearen kontra daude. Hala, Frantziako Estatu Kontseiluak Lambert hiltzen uztea ebatzi zuenean, 2014an, erabakiaren aurkako helegitea jarri zuten Estrasburgon.

Estrasburgoren arabera, Frantziako auzitegiak duela urtebete hartutako erabakiak "ez du Giza Eskubideen aldeko Europako Konbentzioaren bigarren artikulua -bizitzearen eskubidea- urratzen".

Dena dela, Europar Kontseiluko 47 herrialdeek eutanasiaren inguruan "adostasunik ez" dutela kontuan hartuta, Estrasburgok uste du "Estatuek badute iritzi ezberdinak azaltzeko tartea".

Lamberten emaztea pozik baina "etsita" dagoela esan du, prozesuak bost urte iraun baititu. Viviane Lambert ama, berriz, haserre agertu da eta "eskandalu"tzat jo du epaia: "Semea ez dago azkenetan. Amorratu egiten naiz hilzorian dagoela diotenean. Ezindu bat da", adierazi du.

2010ean auzitara jo zuen Lamberten emazteak, medikuen babesarekin, gizona hiltzen uzteko eskatuz. Ordudanik, borroka judizial gogorra izan dute bi aldeek.

Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiaren erabaki honek jurisprudentzia ezarriko du eutanasiaren inguruko beste auzi batzuetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eutanasia bideoak Frantzia bideoak Gizartea albisteak Gaurko titularrak Albisteak Estrasburgoko Auzitegia epaiak