Gizartea -
Klima aldaketa
2050erako berotegi efektuko gas isurketak % 80 murriztuko ditu EAEk
Klima aldaketaren aurkako 2050erako Euskal Estrategia onartu du gaur Jaurlaritzak. Urte horretarako energia berriztagarrien kontsumoa % 40koa izatea asmo du Jaurlaritzak.
Agentziak | Erredakzioa
2050erako berotegi efektuko gas isurketak % 80 gutxitu nahi ditu Eusko Jaurlaritzak. Besteak beste, erronka hori helburu, Klima aldaketaren aurkako 2050erako Euskal Estrategia onartu du gaur Urkulluren gobernuak, Ingurugiroaren nazioarteko Eguna dela baliatuta.
Jaurlaritzak Busturiako Madariaga dorretxean egin du astearteetako gobernu bilera. Batzarrean adostutakoak prentsaurrekoan aurkeztu dituzte Josu Erkoreka bozeramaileak eta Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak.
Estrategiak 25 lan ildo eta bederatzi helburu ditu. Ana Oregi Ingurumen sailburuak nabarmendu duenez, planaren mamia Europako zuzentarauen arabera zehaztu dute, "klima aldaketaen ondorioak gutxitu eta Euskadik horiei aurre egiteko erremintak" jasoz.
Karbono gutxiko eredu energetikoaren aldeko apustua egingo du Jaurlaritzak eta gas isurpen gabeko garraiobideak bultzatuko ditu. Hiri hondakin gutxiago murriztea eta tratatu gabeko hondakinik ez egotea ere helburu izango du Urkulluren gobernuak.
Bide honetan, industria eta energia alorrean eta hondakinen kudeaketan aldez aurretik neurriak hartu behar direla onartu du Oregik zuzentzen duen Sailak, izan ere, alor horiek kutsatzen dute gehien.
Energia berriztagarriak garatuta eta eraginkortasun energetikorako teknologiak zabalduta, berotegi efektuko isurketak % 40 murriztu ahalko dira 2030erako eta %80, 2050erako. Horrez gain, urte horretarako energia berriztagarrien kontsumoa %40koa izatea nahiko luke Jaurlaritzak.