Gizartea -

LOMCE

LHko 3. mailako azterketa egiten hasi da Hezkuntza Saila

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak baieztatu du berria, eta sindikatuek eta guraso elkarteek leporatutako "sekretismoa" ukatu du.

Cristina Uriarte
Cristina Uriarte
Protestak EAEn, LOMCEk aurreikusten dituen azterketak salatzeko

1:53

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko 30 ikastetxeetan Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasleei ebaluazio azterketa egiten hasi da asteon Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, Cristina Uriarte sailburuak baieztatu duenez.

Espainiako Gobernuak egindako Hezkuntza erreformak (Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoa, gaztelerazko sigletan, LOMCE) ezarritako errebaliden ordezko azterketa proba gisa egingo du Jaurlaritzak EAEko 30 eskolatan. Azterketok ez dute eragin akademikorik eta ikastetxe bakoitzak modu autonomoan egingo ditu. Hezkuntza Sailak ez du zehaztu zenbat eskolatan egin duten azterketa, ezta horien izenak ere. Nafarroan hilabete hasieran ekin zieten errebalidak egiteari.

"Bai, hasi gara zentroekin harremanetan jartzen eta probak antolatzen. Prozesu luzea denik ez dut esango, baina ez da egun batetik bestera egiten. Aste honetan hasi gara jada", adierazi du Uriartek.

Azterketok guraso elkarteen eta hezkuntza alorreko sindikatuen haserrea eragin dute. Biek ala biek "inposaketatzat" jo dituzte ebaluazioak eta "planto" egiteko deia egin dute. Egunotan elkarretaratzeak deitu dituzte ikastetxe batzuetako atarietan.

Zabalgana ikastetxeko gurasoek planto egin dute

Zabalganako (Gasteiz) ikastetxearen gurasoek Lehen Hezkuntzako hirugarren mailako azterketa egiteko baimenik ez dute eman. Hirugarren mailako 64 ikasleetatik 56k ez dute gurasoen baimenik LOMCEren froga egiteko.

Hezkuntza Sailak 30 zentro aukeratu behar ditu lehen azterketak egiteko. Horregatik, 56 familiek seme-alabei froga egiteko baimenik ematen ez dietela iragarri dute gaur.

ELA sindikatuak ohar batean salatu duenez, "lotsagarria eta onartezina da" gai honen inguruan Jaurlaritza izaten ari den "iluntasuna eta informazio eza".

Sindikatuaren hitzetan, azterketa hauek "LOMCEren ezarpenean beste pauso bat dira eta jarraian inposatu nahi diren bigarren hezkuntzako eta batxilergoko errebaliden aurrerapena besterik ez dira".

Hala, "familia, langile eta herritarren eskaerari kasu egin" eta azterketa hauek bertan behera uzteko eskatu dio ELAk Uriarteri.

"Inongo sekretismorik gabe", Uriarteren aburuz

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak ukatu egin ditu salaketok eta "lasaitasunerako" deia egin du.

Azaldu duenez, ebaluazio azterketa guztiak ikastetxeekin lantzen dira. "Gobernuak zentroekin lan egiten du. PISA probak aste honetan bukatuko ditugu eta laugarren mailako ebaluazio diagnostikoak ere egin ditugu eta ez dugu inon argitaratu. Kasu honetan ere, gauza bera egin dugu. Beraz, inongo sekretismo gabe jardun dugu, ez dugulako egiten dugun guztia publikoki jakinarazten", argudiatu du sailburuak.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
LOMLOE hezkuntza legea Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Hezkuntza sistemako albisteak Zabalganari buruzko albisteak