Gizartea -
Turismoa
Turisten kopurua % 9,9 hazi da EAEn Aste Santuan
Gehien Gipuzkoan egin du gora bisitari kopuruak: % 15,9. Ostiral Santua izan zen egun onena, okupazio maila % 90 ingurukoa izan baitzen.
EITB.EUS
Iazko datuekin alderatuta, Euskal Autonomia Erkidegora Aste Santuan etorritako bidaiarien kopuruak gora egin du aurten, % 9,9 zehazki. Gaua EAEko hotel edo ostatuetan emandakoen kopurua ere hazi da, % 9,6, betiere Eustat Euskal Estatistika Institutuaren arabera.
Datuon arabera, 38.978 sarrera eta 84.462 gaualdi zenbatu ziren ostegunetik igandera doan tartean. Batez beste, 2,17 eguneko egonaldia egin zuten turistek EAEn.
Gora egin dute Estatutik etorritako kopuruak (29.078) zein atzerritik etorritakoak (9.900). Estatuko bidaiariak % 9,6 hazi ziren eta atzerritarrak, % 10,8. Gaualdiei dagokienez, Estatukoak % 10,3 igo ziren eta % 7,2, atzerrikoak.
Gipuzkoa, hiru lurraldeen buru
Turisten kopurua hiru lurraldeetan hazi da, baina Gipuzkoakoa da datu onena: bidaiarien sarrerak % 15,9 hazi ziren, eta % 13,4, gaualdienak. Apalagoak izan dira Bizkaiko datuak: % 8,2 eta % 7,6, hurrenez hurren.
Arabari dagokionez, gaualdien kopuruak % 5,8 egin zuen gora, eta bidaiarien sarreren kopurua iazkoen parekoa izan da.
Ostirala, egun onena
Aste Santuko Ostiral Santuan izan ziren okupazio maila handienak. Hala, Gipuzkoan % 92,7koa izan da; Bizkaian, % 87koa, eta Araban, % 80,8koa.
Datuak hiriburuz hiruburu aztertuta, egun horretan zenbatu zituzten turista gehien: hotelen okupazioa % 97,4koa izan zen Donostian, % 93,3koa Bilbon eta 84,4koa Gasteizen.