Gizartea -
Hezkuntza
Lomce legea abian da Nafarroan
Gaur hasita, Lehen Hezkuntzako hirugarren mailan dauden Nafarroako haur guztiek Lomcek ezarritako azterketa egin beharko dute. Guraso elkarteek deituta, protestak izan dira eguerdian.
EUSKADI IRRATIA
Lomce legea Euskal Herriko ikasgeletan sartuko da gaurtik aurrera. Lehen Hezkuntzako hirugarren mailan dauden Nafarroako haur guztiek Lomcek ezarritako azterketa egin beharko dute. EAEn, ikasturte honetan, 30 ikastetxetan egingo dute azterketa hori. Maila pasatzeko ez da gainditu beharko, baina kontuan hartuko da.
Kontrako ahots asko eragin ditu azterketak guraso zein hezkuntza eragileen artean, funtsean, Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroaren hezkuntza legea ezartzen hastea ekarriko duelako.
Nafarroan, gaurtik ostegunera, lau egunetan egin nahi ditu proga guztiak Foru Gobernuak. Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza kontseilariak ohartarazi du zentro guztiek egin beharko dutela nahitaez azterketa hori.
Gaur 10:00etan hasi eta osteguna bitarte, zortzi urteko 6.724 neska-mutikori azterketak egiteko agindua eman du Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak. Foru Erkidegoko ikastetxe guztiak derrigortu ditu Lomce legea betetzera.
Hainbat guraso elkarte eta ikastetxe kontra azaldu dira, ez baitute gisa honetako azterketa bat egiteko premiarik ikusten, eta inposatzea salatu dute. Hala, Sortzen-Ikasbatuaz eskola publikoen sarea osatzen duen elkarteak milatik gora gurasoren sinadurak aurkeztu ditu Hezkuntza Departamentuan, azterketa ez dutela egingo jakinaraziz. Horren aurrean, Iribas kontseilariak ohartarazi egin die egitera derrigortuta daudela.
Protesta artean sartuko dira neska-mutikoak gaur azterketak egitera. Sortzenek bilkurak deitu ditu goizean ikastetxe atarietan, eta arratsaldean Hezkuntza Departamentu aurrean. LAB sindikatuak ere, protesta egingo du Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren aurrean 11:00etan.