Gizartea -

TRAGEDIA MEDITERRANEOAN

Hondoratu zen ontziko kapitaina eta tripulatzaile bat atxilotu dituzte

Palermoko Fiskaltzak azaldu duenez, gizaki-trafikatzaileek 3.300 euro kobratzen dizkiete migratzaileei, Mediterraneoa zeharkatzeko.

Etorkinak,Libia
Etorkinak,Libia
Hondoratutako ontzia bilatzeko lanek aurrera jarraitzen dute

1:40

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asteburuan Mediterraneoan hondoratu zen itsasontziko kapitaina eta tripulatzaile bat atxilotu egin dituzte, gizaki-trafikoa egotzita, Angelino Alfano Italiako Barne ministroak baieztatu duenez. ACNUR Nazio Batuen Errefuxiatu Agentziaren arabera, 800 etorkin hil dira ezbehar horretan.

Graziano Delrio Azpiegituretarako ministroak azaldu duenez, Giovani Salvi Cataniako fiskalburuak agindu ditu atxiloketak. "Heriotza-trafikatzaileen aurkako borrokak aurrera darrai; Estatuak ez die arnas emango", ohartarazi du, Il Corriere della Sera egunkariak publikatu duenez. Agintariek ikerketa abiatu dute, homizidioa egotzita.

Atzo bertan, Italiako Segurtasun Indarrek gizaki-trafikatzaile sare bat desegin zuten Sizilian. Antza denez, sare horrek 3.600 dolar (3.300 euro) kobratzen zizkien migratzaileei, Afrikako iparraldetik Mediterraneoa zeharkatzeko.

Italiako hedabideen esanetan, 23 pertsona atxilotu dituzte, immigrazio klandestinoa sustatzea egotzia.

Ikerketa duela bi urte abiatu zuten, 2013ko udazkenean Lampedusan 360 etorkin hil eta gero. Sareak hainbat hiritan zituen azpiegiturak, tartean Milanen, Erroman eta Catanian. Gainera, lotura zuen Eritrearekin, Sudanekin, Somaliarekin eta Libiarekin.

Testuinguru horretan, milioi bat pertsona Afrikako iparraldetik Italiara itsasontziz noiz eramango zain daudela azaldu du Maurizio Scalia Palermoko fiskalak. "Pertsona-trafikoa etengabea da", ohartarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrikako albisteak Nazioarteko albisteak 2024 Albisteak migrazioa Epaiketak albisteak Gizartea albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Italia Espainiako mediterranear kostaldeari buruzko berriak Zer gertatzen ari da Libian?