Gizartea -
Abortu Legearen erreforma
EAJ: 'Adingabe gehienek gurasoak lagunduta abortatzen dute'
Aitor Esteban bozeramaile jeltzaleak nabarmendu duenez, egun indarrean dagoen legea ez da aldatu behar, ondo funtzionatu duelako.
Agentziak | Erredakzioa
Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramaileak nabarmendu duenez, haurdunaldia eten nahi duten 16-17 urteko neskato "gehienek" gurasoak lagun dituztela abortatzen dute, eta, beraz, ez da beharrezkoa egun indarrean dagoen legea erreformatzea. Alderdi Popularrak proposatutako testuaren arabera, adingabeek gurasoen baimenarekin bakarrik abortatu ahalko dute. Proposamena gaur da eztabaidatzekoa osoko bilkuran.
"Alderdi Popularraren proposamenaren kontra bozkatuko dugula esana dugu", gogorarazi du bozeramaile jeltzaleak hedabideei egindako adierazpenetan. Izan ere, EAJren ustean, "abortu kasuak gutxituz joan dira" eta haurdunaldia eteten duten adingabeen kopurua EBko beste herrialdeetakoen "antzekoa" da. EAJren aburuz, legeak ondo funtzionatu du eta emakumeek "modu arrazoituan" erabili dute.
"Adingabeak gurasoak lagunduta joaten dira", erantsi du. "Buruz ari naiz, baina, oker ez banago, neskatoen % 96k gurasoak lagunduta abortatzen dute. Oso gutxi dira baimenik gabe egiten dutenak, eta halakoetan egoera zailak egoten dira atzean: familia barruko indarkeria edo intzestu kasuak. Emakumeek modu arrazoituan erabili dute legea, eta, ondorioz, ezin dugu aterik itxi", adierazi du ganberara sartu baino lehen.