Gizartea -
Genero indarkeria
Hilketa matxista gaitzesteko deia egin die Emakundek herritarrei
Krimena "emakumeen eta gizonen artean dagoen ezberdintasunaren adierazgarri latz eta gogorrena" dela salatu du Emakumearen Euskal Institutuak.
Agentziak | Erredakzioa
Emakunde Emakumearen Euskal Institutuak Gasteizen atzo izandako hilketa matxista gaitzesteko deia egin die herritarrei.
Ohar batean, krimena gaitzetsi eta gogorarazi du indarkeria dela gaur egun "emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasunaren adierazgarri latz eta gogorrena".
Emakunderen aburuz, "indarkeria mota hau emakumeei zuzendutako mehatxu tresna bat da, gaur egun indarrean dauden genero arauak aldatu ez daitezen".
Hori horrela, gizarte guztiak emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako borrokan duen "erantzukizuna" gogorarazi du Emakumearen Euskal Institutuak eta "kasu hauen aurrean sentitzen duten nazka eta gaitzespena adierazteko" deia egin die herritarrei.
Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak larunbatean mugimendu feministak Andre Mari Zuriaren enparantzan 20:00etan antolatu duen kontzentrazioan parte hartuko duela iragarri du, baita Gasteizko Udalak, talde politiko guztiekin adostuta, datorren astearterako deitu duen kontzentrazioan ere (12:00etan, udaletxearen aurrean).