Gizartea -
Frantzia
Paris gainetik hegan ibili diren bost drone ikertzen ari da Polizia
Frantziako hiriburuko leku estrategikoen gainetik ikusi dituzte aparatuak, AEBko enbaxadan eta Eiffel dorrean, besteak beste.
Erredakzioa
Piloturik gabeko bost hegazkin edo drone begiztatu dituzte goizaldean Parisko leku estrategikoen gainetik, eta gertakaria ikertzen ari da Frantziako Polizia. Izan ere, segurtasun indarrek ezin izan dute argitu aparatuak nork gidatu dituen.
Droneetako bat 01:00ean ikusi dute AEBko enbaxada gainean, 100-300 metroko altueran. Gainerako aparatuak 04:00ak eta 05:00ak artean begiztatu dituzte Hôtel des Invalides eraikinaren eta Eiffel dorrearen inguruan.
Hegazkin txikiok nork gidatzen zituen argitzeko lanetan dabiltza orain segurtasun indarrak.
Urtarrilean, antzeko operazio bat abiatu zuen Poliziak, drone bat Eliseo jauregiaren gainetik ibili eta gero. Iaz, berriz, turista bati isuna jarri zioten drone bat Notre Dame katedralaren gainetik gidatzeagatik.
Parisko aire eremuan debekatuta daude droneak, eta urtebeteko kartzela-zigorra eta 75.000 euroko isuna jarrita zigortzen dute.