Gizartea -

Hezkuntza

Heziberri 2020 hezkuntza planaren gakoak

Eusko Jaurlaritzaren planak azterketa bat ezartzen du DBHren amaieran, eta eutsi egiten dio hizkuntza-ereduen sistemari.

Ikasleak
Ikasleak
Ikasleak

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Heziberri 2020 Eusko Jaurlaritzaren hezkuntza planak "ikasleen emaitzak hobetzea" du helburu, eta Lehen Hezkuntza eta Batxilergo arteko irizpide akademikoak ezartzen ditu.

- ZERGATIK "2020"? Europar Batasunak urte horretarako jarritako helburuak kontuan hartuta diseinatu dutelako jarri diote "2020" abizena planari.

- NOIZTIK INDARREAN. Dekretua uda baino lehen onar lezake Jaurlaritzak, eta, hala izatekotan, baliteke 2015-2016 ikasturtean sartzea indarrean.

- LOMCE. Heziberri plana LOMCE Espainiako Gobernuaren hezkuntza erreformaren itzalean jaio da. Eusko Jaurlaritzak Jose Ignacio Wert ministroaren plana saihesten saiatuko dela esan badu ere, Heziberrik ateak irekitzen dizkiola salatu dute EH Bilduk eta PSE-EEk.

- BABESAK. Oraingoz, Eusko Jaurlaritzak Kristau Eskolaren babesa jaso du. EILAS, LAB, ELA eta CCOO aurka agertu dira.

- ERREBALIDAK. DBHko 4. mailako ikasleek azterketa bat egin beharko dute ikasturtea amaitu eta gero. Ez du "errebalida" izena hartuko, LOMCEn agertzen den bezala, baina halabeharrezkoa izango da DBHko titulua lortzeko edota Batxilergoa egin ahal izateko.

Azterketa hori gainditzen ez dutenek ikastetxean bertan jarraitu ahalko dute beste urtebetez, titulua lortzeko ikastaro bereziak egiten, baina ikasturtea errepikatu barik.

Lehen Hezkuntzan ere egingo dituzte azterketak, 3. eta 6. mailak amaitu eta gero, hain zuzen ere, baina diagnosia egiteko ebaluazioak izango dira; hau da, ez dute ondorio akademikorik izango.

LOMCEk hezkuntza ziklo bakoitzaren (Lehen Hezkuntza, DBH eta Batxilergoa) amaieran ezartzen ditu errebalidak.

- BATXILERGOA EDO LANBIDE HEZIKETA. LOMCEren arabera, ikasleek 14 urterekin hautatu beharko dute Lanbide Heziketa edo Batxilergoa egin nahi duten. Heziberrik, baina, erabaki hori 16 urte izan arte atzeratzea ahalbidetuko du.

- ORDU GEHIAGO IKASGAI BATZUENTZAT. Bigarren Hezkuntzan, "nabarmen" igoko dituzte ikasgai batzuen orduak, hala nola Natur Zientziak, Teknologia, Heziketa Fisikoa eta Heziketa Artistikoa (Plastika eta Musika). Gainera, % 33 murriztuko dituzte Erlijio orduak, Lehen Hezkuntzan ere.

- ELEANIZTASUNA. Sustatu egingo dute hainbat ikasgai hizkuntza atzerritar batean eskaintzea. DBHn, zentroek bigarren hizkuntza atzerritarra ezarri ahalko dute.

- KOMUNIKAZIO HIZKUNTZA. Jaurlaritzaren planak hiru ereduen sistemari eutsi dio, baina A ereduan euskara indartu egingo dute. Nolanahi ere, ikastetxeek hizkuntza proiektu propioak garatu ahalko dituzte.

- ERLIJIOA. Nahitaez eskaini beharko dute zentroek, baina hautazko ikasgai gisa. Alternatiba balioei buruzko ikasgai bat izango da. Biek ala biek eragina izango dute batez besteko notan.

- AUTONOMIA GEHIAGO ZENTROENTZAT. Ikastetxeek askatasun handiagoa izango dute zikloak antolatzeko. Hori horrela, egun dauden moduan utzi ditzakete, edo hiru urteko bi ziklotan banatu. Ordutegi propiak ere diseinatu ahalko dituzte.

- ESKOLA KONTSEILUA. Eskuduntza propioak mantenduko dituzte, LOMCEk aurkakoa ezartzen badu ere.

- IRAKASLEAK. Lehen aldiz, irakasleen profil profesionala ezarriko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hezkuntza Lege Berria albisteak Eusko Jaurlaritza EAE Euskal Eskola Publikoa argazkiak Gizartea bideoak Albisteak Gaur Eguneko albisteak Hezkuntzako albisteak 2024