Gizartea -
Epaiketa
Ertzaintzak Kukutzako okupen 'erresistentzia' salatu du epaiketan
Bestalde, eraikinaren jabeak esan du izapideak betetzen ari direla lanak hasi eta etxebizitzak eraikitzeko.
Erredakzioa
2011n Bilboko Errekalde auzoan Kukutza jendez hustu zuten ertzainetako lauk deklaratu dute gaur epaiketaren bigarren saioan, eta sekula egin duten desalojo "gogorrena eta zailena" izan zela adierazi dute, okupen "erresistentziagatik, baliabideengatik eta antolakuntzagatik".
"Material piroteknikoa, adreiluak, hormigoi puskak, pintura, ura… jaurti zizkiguten, denetik. Gainera, goiko solairuetara igotzeko bideak itxita zeuden, soldatutako metalezko egiturekin eta zaintza bideokameren bitartez", ertzainek azaldu dutenez.
Gaur izan da Kukutzaren okupazioagatik auzipetutako 23 lagunen kontrako epaiketaren bigarren saioa. Fiskaltzak 960na euroko isuna eskatzen du haien kontra, eraikina lapurtzeagatik. Bestalde, Ministerio Publikoak hiru urte eta egun bateko zigorra eskatu du auzipetuetako batentzat agintarien kontrako atentatuagatik, ertzainei hormigoi puska bat jaurtitzea leporatuta.
Ertzainak azaldu duenez, hormigoi zati horrek ez zuen inor zauritu, eta pertsona hori bakarrik auzipetu ahal izan dute, istiluetan identifikatu ahal izan zuten bakarra izan zelako. Gainera, hormigoi zatia botatzera zihoanean ertzain batek gomazko pilota bat jaurti eta hankan zauria egin ziola azaldu du.
Cabisa
Bestalde, eraikinaren jabea den Cabisa enpresako ordezkari batek deklaratu du gaurko saioan, eta eraikina 1998an konkurtso administratzaile bati enkantean erosi ziola azaldu du.
Erosi eta berehala, Cabisa okupak bertatik ateratzen saiatu omen zen, eta 2011n Kukutzak berak negoziatzeko gutun bat bidali zion, baina bertan ez omen zegoen "elkarterik edo proposamen zehatzik" negoziatzeko.
Azpimarratu duenez, enpresak ez zuen eraikina alokatu nahi, etxebizitzak eraiki baizik, eta gaur egun, eraikitzen hasteko izapideak betetzen ari dira.
Era berean, enpresak hasieratik hartu omen zituen bere gain zergen eta aseguruaren ordainketak, eta "oso kezkatuta" egon omen dira "inolako segurtasun neurririk gabe" antolatu ziren kultur ekitaldietan gerta zitezkeen istripuengatik.
Defentsa
Defentsak deituta, Txema Azkuenaga Bilboko Udaleko zinegotzi ohiak, Bildukoak, hitz egin du, eta esan du 2011n bilerak egin zituztela Kukutzak eta Udalak, desalojoa baino aste batzuk lehenago, eraikinaren okupazioari irtenbidea emateko "eredu urbanistikoen" bila.
Mikel Toral 2011n Eusko Jaurlaritzaren Kultura zuzendari zenak ere deklaratu du, defentsak deituta, duela hiru urte Kukutzari elkartasuna adierazi baitzion, antolatzen zituen ekintza kulturalengatik. Hori horrela, kultur eskaintza txalotu zuela eta eraikinaren egoerari buruz ez zuela ezer esan zehaztu du.
Azken puntu horren harrira, Jaurlaritzak ez duela eskumenik eta Europako beste hiri batzuetan "konponbidea”" bilatu dutela esan du.
Bihar izango da Kukutza auziaren epaiketaren azken saioa, Fiskaltzaren eta defentsaren ondorioekin.