Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Bi emakume hil dituzte Elxen
Gizon batek bikotekide ohia eta koinata ohia hil omen ditu, eta bere buruaz beste egin omen du gero. 2013an emakumeen kontrako indarkeria egotzita epaitu zuten, baina epaileak absolbitu egin zuen.
Erredakzioa
Dirudienez, 70 urteko gizonezko batek bikotekide ohia eta koinata ohia (70 urte ingurukoak biak) hil zituen atzo Elxen (Alacant), eta bere buruaz beste egin omen zuen gero.
Ikerketako iturriek jakitera eman dutenez, "objektu gogor bat" erabili zuen erasotzaileak bi emakumeak hiltzeko.
Aurretik, salatuta
2013ko abuztuan, ustezko hiltzailearen bikotekideak horren kontrako salaketa jarri zuen, genero indarkeria egotzita. Urte bereko azaroan, epaileak absolbitu egin zuen gizona.
Udalak jakitera eman duenez, Udaleko gizarte zerbitzuek jarraipen zorrotza egin zioten kasuari salaketa jarri zenetik auzia itxi zuten arte. Urruntze agindua ere jarri zioten gizonezkoari, baina dagoeneko kenduta zuen. Elxeko instrukzio-epaitegiak bideratuko du kasua.