Gizartea -
Gasteizen
Burqa daramaten emakumezkoei autobusera sarrera debekatu nahi die
Gasteizko autobus gidari batek sinadurak biltzeari ekin dio, burqa daramaten emakumezkoei zerbitzu publiko hori erabiltzea debekatzeko.
Erredakzioa
Tuvisa Gasteizko autobus publikoak kudeatzen dituen enpresako gidari batek sinadurak biltzeari ekin dio, burqa daramaten emakumezkoei zerbitzu publiko hori erabiltzea debekatzeko. Gainera, emakumezko bati autobusean sartzea galarazi dio, belo islamiarra jantzita zuelako. Horren ondorioz, Gasteizko Udaleko oposizioak Tuvisako presidenteari, PPko Idoia Garmendiari, “premiazko bilera” deitzea eskatu dio.
Gaur goizean, Gasteizko autobusen hirugarren lineako gidari batek sinadura bilketa martxan jarri duela jakin ondoren eskatu dute bilera EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk.
EH Bilduk jakitera eman duenez, autobusean sartzen diren erabiltzaileei sinadura eskatu die gidariak, burqa janzten duten emakumezkoei zerbitzu publiko hori debekatzea eskatuz.
Horrez gain, gidariak hitz iraingarriak esan ditu burqa janzten duten emakumeen aurka edota beste hizkuntza batzuetan mintzatzen diren etorkinen aurka.
Hortaz, EH Bilduk, EAJk eta PSE-EEk Tuvisako presidenteari “premiazko bilera” deitzeko eskatu diote, “arazo larri honi heltzeko”.
Espedientea ireki diote
Bestalde, Tuvisak espedientea ireki dio belo islamiarra janzteagatik autobus batean sartzea galarazi dion gidariari.
Idoia Garmendia eta Maria Jose Ajuriaguerra Tuvisako presidenteak eta gerenteak azaldu dutenez, gidariak segurtasun arrazoiak tarteko egin zuela argudiatu du.
Konpainiak 10 eguneko epea eman dio, idatziz azalpenak eman ditzan. Gainera, idatzi bat igorri die langile guztiei, autobusen erabiltzaileei ezin zaiela sarbidea ukatu gogorarazteko.
Espedientea informatiboa da, eta, beraz, ez du zertan isuna ekarri.
Astelehenean, gizonezko batek gazte bati eraso zion Gasteizen, bulego publiko baten ilaran zeuden etorkinak defendatu zituelako.