Gizartea -

Ziburu

Kaskarotenea ikastolari argindarra kendu diote

Guy Poulou Ziburuko auzapezak eman du agindua. Halaber, ikastola ordaintzen ari den isuna eguneko 100 eurotik 400 eurora igoko duela ohartarazi du.

Kaskarotenea Ikastola, Ziburu.
Kaskarotenea Ikastola, Ziburu.
Ziburuko alkateak argindarra moztu dio ikastolari

0:54

Idoia Alberdi | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ziburuko Kaskarotene ikastolako haurren egoera egunetik egunera okertzen ari da. Eraikina azaroaren 3rako utzi behar dutela esanaz, oharra helarazi zion joan den astean Guy Poulou auzapezak ikastolari. Neurriak hartzen hasiko zela ere jakinarazi zien, eta hasi da hitza betetzen. Argindarra eta ura astelehenetik aurrera kenduko zizkiela esan zien, baina aurreratu egin dira eta gaur argirik gabe esnatu da Ziburuko ikastola. Laida Mujika Kaskaroteneko lehendakariak Euskadi Irratian egindako elkarrizketan jakinarazi duenez, "argindarra kentzea erabaki du auzapezak". "Atzo gauean Donostiako musika talde bat joan zen ikastolara, bideo bat grabatzera, eta une horretan konturatu ziren argirik ez zegoela", esan du.

Hamahiru ikasle ditu, gaur egun, Kaskaroteneak, eta horien eskubideen alde lanean jarraituko dutela esan du Mujikak. Argia kentzen ziotenerako, argia sortzeko gailu bat dutela prest eta datorren astelehenetik aurrera martxan jarriko dutela jakinarazi du. "Astelehenean gure haurrak normaltasunez joango dira ikastolara, hori da gure asmoa", gaineratu du. Asteon, oporretan dira Ipar Euskal Herriko ikasleak.

Auzapezaren jarrera "ulertezina" dela nabarmendu du Mujikak. "Garbi dago beste proiektu batzuk dituela buruan. Euskara ez da bere proiektuen barrenean sartzen. Baina hartu duen jarrera ezin dugu ulertu. Borroka pertsonal bat bezala hartu du", salatu du.

Guy Poulou alkateak, hala ere, ez du atzera egiteko asmorik. Frantziako irrati publikoan hitz egin du, eta esan du Eskola Publikoak ikastolak erabiltzen duen argindar guztia behar duela, eta baita prefabrikatuen eremua ere. Argindarra etenda, eta isuna 400 eurora handituta, epaia betearaztea beste helbururik ez duela esan du alkateak.

Kaskaroteneko arduradunek ikastola Sokoako lur-sail batera eramatea proposatu dute, eta lurraren jabeak, Kontseilu Orokorrak, ontzat eman du proposamena, baita kontseilu hori osatzen duten kide guztiek ere, Ziburuko auzapezak izan ezik. Akordiorako aukerak, beraz, oso murritzak direla iritzi dio Mujikak.

Bestalde, Paueko Auzitegiak ezarritako isuna ere areagotu egin daitekeela jakinarazi dio auzapezak ikastolari. Ziburuko ikastolak irailaren 9rako Marinela auzoko eskola publikotik alde egin behar zuela ebatzi zuen epaileak; agindua  bete ezean, egun bakoitzeko 100 euroko isuna ezarri zien. Orain, kopuru hori 400 eurora igo daiteke datozen egunotan. Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariaren hitzetan, ikastolak "itotzeko" beste ahalegin bat da honakoa.

Azaroaren 8rako Ziburun deitu duten manifestazioak egoera "bideratzeko" balioko duen itxaropena du. Euskal Herri osoko kultur eta gizarte eragileek egin dute bat deialdiarekin. 'Ikastolak ez hunki!' lelopean egingo da manifestazioa. Bihar agerraldia egingo dute Donostian, Kaskarotenea ikastolari euskalgintza, kulturgintza eta gizarte eragileen sostengua erakusteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskarari buruzko berriak Gizartea albisteak Eguneko albisteak Azken kultur albisteak Albisteak Hezkuntzako albisteak 2024 Lapurdiko azken ordua