Gizartea -

Neurri gogorra

Gose greba, Sopuertan eskola publikoa eskatzeko

Eguerdian, ehunka lagunek konzentrazioa egin dute grebalariei babesa adierazteko. Ondo pentsatutako erabakia dela adierazi dute gurasoek. Izan ere, presiorik gabe ez omen dute irtenbiderik ikusten.

Irudirik gabe
Irudirik gabe
Gose greba mugagabea hasi dute bi gurasok eta alkateak

0:56

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sopuertan, herriko alkateak eta La Baluga eskolan matrikulatu ezin diren haurren bi gurasok gose greba mugagabea hasi dute eguerdian udaletxean. Eguerdian, gainera, ehunka lagunek kontzentrazioa egin dute grebalariei babesa adierazteko.

Grebalariek protestarekin aurrera jarraitzeko asmoa agertu dute, harik eta Eusko Jaurlaritzak zazpi haurrek herrian ikasten jarraitzeko konponbidea ematen dien arte.

Josean Llaguno Sopuertako alkateak bat egin du gose greba mugagabearekin, haren esanetan, eskubide kontua delako. Llagunok ukatu egin du gose grebarekin Hezkuntza Sailari "xantaia" egin nahi diotenik, eta beren helburua hezkuntza publikorako eskubidea urratzen zaien haur horien egoera salatzea dela gaineratu du. Diru publikoa erabilita egindako hezkuntza zentro bat dute herrian, eta alkateak ez du ulertzen bertan Lehen Hezkuntza eskaini ezin denik.

Herriko lokal bat egokitzea proposatu die Eusko Jaurlaritzak, baina gurasoek ez dute onartu, ez zaielako iruditzen ikasleentzat egokia denik. Horregatik, irtenbide gehiago eskatu dizkiote Gasteizi.

Orain arte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak proposatutako konponbideez gain, beste aukera batzuk badaudela uste du Sopuertako alkateak eta hezkuntzako eta gizarteko eragileak konponbidea lortzeko eskatu dutela azpimarratu du.

Txuma Murugarren gurasoak Euskadi Irratiko Amarauna saioan adierazi du ondo pentsatutako erabakia dela, neurri gogorra, baina gainerakoan, presiorik gabe ez dutela irtenbiderik ikusten.

Zazpi haur dira egun Sopuertan Lehen Hezkuntza ikasi ezinik daudenak. Bada kontzertatutako ikastetxe erlijioso bat, San Viator, baina aukera publikorik ez, eta hori da gurasoek Jaurlaritzari eskatzen diotena. Gotzaitegiaren lurretan dagoen eraikinean eman dituzte orain arte Haur Hezkuntzako klaseak, baina klausula batek debekatzen du lehen Hezkuntza eman ahal izatea. Lehenbailehen irtenbidea bilatzeko eskatzen diote Jaurlaritzari gurasoek, gutxienez ikastaro hau bermatzeko, ondorengo hilabeteetan negoziatu ahal izateko.

Ez dute baztertzen datozen egunetan mobilizazio berriak egitea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da Bizkaian? Grebak albisteak Greba Euskal eskola publikoan Gizartea albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Hezkuntza sistemako albisteak Amak albisteak Enkarterri