Gizartea -

Hezkuntzaren erreforma

LOMCE euskara arloan ez ezartzea adostu dute Jaurlaritzak eta Moncloak

Eskola Kontseiluak ere erreformatik at geratuko dira Euskadin, bi gobernuek lortutako akordioaren ondorioz.

Ikasleak liburutegian
Ikasleak liburutegian
Ez da nahikoa, hizkuntza ereduek ez dute euskalduntzen

1:25

David Perez | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

LOMCE hezkuntzaren erreforma ez dute euskararen eta Eskola Kontseiluen arloetan ezarriko Euskadin. Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak akordioa lortu dute, eta gaur publikatu dute Estatuko eta EAEko aldizkari ofizialetan.

Dena dela, akordioa "partziala" dela zehaztu du Jaurlaritzak, hau da, ez du kenduko erreformaren aurka Auzitegi Konstituzionalean aurkeztutako helegitea.

Horren ildotik, Gasteizko Gobernuak erreformaren aurka dagoela azaldu du, baina "oso garrantzitsua" da, horren ustez, "Espainiako Gobernuak Euskadik euskara irakasteko eta Eskola Kontseiluen eta hezkuntza zentroetako zuzendaritzen arteko harremana zehazteko gaitasuna duela onartu izana". Sei hilabete eman dituzte bi gobernuek negoziatzen.

LOMCEren arabera, gaztelaniak eta hizkuntza koofizialek (euskara, kasu) "zentzuzko proportzioa" izan behar dute hezkuntza sisteman. Gainera, erreformak esku hartzeko gaitasuna ematen dio Estatuari, puntu hori ez dela bermatzen ulertzen badu.

Orain, baina, Estatuak ezingo du EAEko hezkuntzan esku hartu, EAEn bi hizkuntzak bermatuta daudela aitortu baitu.

Eskola Kontseiluei dagokienez, LOMCEk erabakitzeko ahalmena ukatzen zien, eta proposamen-organo bihurtzen zituen, baina Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritzak lortutako akordioak aitortu egin du hezkuntza administrazioei dagokiela Eskola Kontseiluaren eta zentroetako zuzendaritzaren arteko harremanak arautzea.

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak agerraldia egingo du 10:00etan, akordioaren nondik norakoak azaltzeko.

"Koherentziaz" jokatzeko eta LOMCEren aurka jarritako helegitea kentzeko eskatu dio Alfonso Alonso Kongresuko PPko bozeramaileak Eusko Jaurlaritzari. Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, sinatutakoa hitzarmen "instituzionala" dela azpimarratu du Alonsok, eta bi gobernuen artean askok uste dutena baino harreman estuagoa dagoela esan du.

Akordioaren osteko erreakzioak

Alfonso Alonso PPk Kongresuan duen bozeramalearen iritzian, "koherentziak aginduta", Jaurlaritzak Auzitegi Konstituzionalean LOMCEren kontra aurkeztutako helegitea kendu beharko luke.

Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren ustez, LOMCEren kontura Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak lortutako "alde bateko akordioa oso garrantzitsua" da. Dena dela, ez dute Auzitegi Konstituzionalean aurkeztutako helegitea erretiratuko.

Bestalde, iragarritako akordio horren inguruan "itxurakerian aritzea" egotzi dio EH Bilduk Jaurlaritzari, Euskal Autonomia Erkidegoan"LOMCEa indarrean" dagoela argudiatuz.

Halaber, Xabier Irastorza ELA-Hezkuntzako arduradunak ukatu egin du akordioak "garaipena" ekartzea eta, baieztatu duenez, "muga" ezartzen du, euskarari dagokionez, eta egungo hezkuntza eredua "berretsi" du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Berriak Politika LOMLOE hezkuntza legea Eusko Jaurlaritza berriak Espainiako Gobernua argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza sistemako albisteak