Gizartea -
Hezkuntza
Urkullu: 'LOMCE ez du euskal hezkuntza sistema ahultzea lortuko'
Lehendakariak lege horrek ikasgelatan ahalik eta eragin txikiena izan dezan lanean ari direla adierazi du, eta euskal hezkuntza sistema defendatu du.
Erredakzioa
LOMCE legeak "arazoak ekarriko ditu", "baina ez du eraikitzea hainbeste kosta zaigun euskal hezkuntza sistema ahultzea lortuko", Iñigo Urkullu lehendakariak ohartarazi duenez.
Urkullu lehendakariak ikastolen 2014-2015 ikasturtearen irekiera ekitaldian egin ditu adierazpenok. Lehendakariaz gain, Andoaingo Bastero Kulturuneko ekitaldian izan dira Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Bakartxo Tejeria Eusko legebiltzarreko presidentea, Ane Carrere Andoaingo alkatea eta Hasier Arraiz Sortuko presidentea, besteak beste.
Hitzaldian, LOMCE legearen aurkako jarrera erakutsi du Iñigo Urkulluk: "Kontra gaude eta etorkizunean ere hala egongo gara". LOMCE legearen harira, Eusko Jaurlaritzak Auzitegi Konstituzionalaren aurrean helegitea aurkeztu zuen.
Eusko Jaurlaritza LOMCE legeak "ikasgelatan ahalik eta eragin txikiena" izateko lanean ari dela azpimarratu du, baina horrek ikasleen "garapen akademikoa arriskuan jarri gabe"; izan ere, "gauza guztien gainetik ikaslearen hezkuntza dago".
Bestalde, Eusko Jaurlaritza "euskal hezkuntza sistema sendo, koherente eta iraunkorra"ren oinarriak finkatzen ari dela adierazi du, eta iaz Heziberri 2020 plana martxan jarri zuela gaineratu du.
Lehen ikastolak 100 urte
100 urte bete dira lehen ikastola ireki zela. Miguel Muñoak jarri zuen martxan Donostian, hasieran Euskal Ikastetxea izenez bataiatu zutena eta gero Koruko Andra Mari Ikastetxe izatera pasatu zena. Ekitaldian Miguel Muñoaren senideak omendu dituzte.
Iñigo Urkulluk urteetan beren ezagutza euskal hezkuntza sistemaren eskura jarri dutenen lana aitortu du. "Mende bat betetzea etorkizunari baikortasunez begiratzeko arrazoia da", azaldu du.