Gizartea -
Klima aldaketa
Manifestazioak egin dituzte 2.800 hiritan, klima aldaketaren aurka
Klimari buruzko Goi-bileraren bezperan egin dituzte martxak. Hain zuzen ere, bihar hasiko da, New Yorken.
Erredakzioa
Ehunka mila pertsona kalera atera dira igande honetan mundu osoko 2.808 hiritan, klima aldaketari aurre egiteko neurriak eskatzeko.
Manifestazio jendetsuena New Yorken egin dute. Bertan, 300.000 pertsonak baino gehiagok egin dute protesta.
"Hurrengo belaunaldiak planeta honetan biziko dira; ez dago B planik, ez dugulako B planetarik", adierazi du Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak New Yorkeko martxan.
Manifestaziootan beste hainbat pertsona ospetsu izan dira, hala nola Leonardo DiCaprio aktorea (klima aldaketarako NBEren ordezkari izendatu zuten), Jane Goodall zientzialaria eta Segolene Royal Frantziako Gobernuko Ekologia ministroa.
New Yorkeko martxa azken bost urteotan mundu osoan klima aldaketaren aurka egindako jendetsuena izan da, antolatzaileek azaldu dutenez.
Bihar hastekoa da hiri horretan Klimari buruzko Goi-bilera, NBEren egoitzan. Goi-agintariek berotegi efektua eragiten duten gas isurien aurka neurriak hartzea da helburua, baina bilera ez da Klima Aldaketari buruzko Ituna adosteko Hitzarmenaren parte. Hau da, ez da 2015. urtean Kiotoko Ituna ordezkatuko duen protokolo berria negoziatzeko prozesuaren parte.
Besteak beste, Erresuma Batuan, Frantzian, Afganistanen eta Bulgarian ere egin dituzte manifestazioak.
Espainiaren kasuan, Madrilen egin dute, Nekazaritza Ministerioaren egoitzaren aurrean. Bertan, 500 pertsona inguru bildu dira.
Duela egun batzuk, aurtengo abuztua beroena izan dela esan zuten AEBko zientzialariek. XX. mendeko batez bestekoa (15,6 ºC) baino 0,75 gradu beroagoa izan da, hain zuzen ere.