Gizartea -
Nazioarteko eguna
Alzheimerra, 65etik gorakoei gehien eragiten dien gaitz neurologikoa
Espainian 800.000 pertsonari eragiten dien eritasuna da, baina horietako asko (% 30-%40) diagnostikatu gabe daude.
Erredakzioa
Alzheimerra da espainiarrei gehien eragiten dien gaitz neurologikoa, 800.000 pertsonari guztira, eta horietatik gehienak 65 urtetik gorakoak dira. Hala ere, kasuen % 30-%40 diagnostikatu gabe daude, nahiz eta diagnosi azkarra ezinbestekoa den gaixoen bizi kalitatea hobetzeko.
Gaur, Alzheimerraren Nazioarteko Eguna da eta adituek gaixotasuna dutela jakin gabe daudenen kopuruaz ohartarazi nahi dute. Kasuen % 80an gaitza hasierako fasean dago, eta, hori dela eta, sintoma txikienaren aurrean medikuarengana joatea aholkatu dute.
Denborak eta espaziok nahastea, hizkuntzarekin arazoak izatea, eta aldartean edo nortasunean aldaketak izatea dira gaixotasunaren zantzuetako batzuk.
Guillermo Garcia Espainiako Neurologia Elkarteko kideak onartu du gaixoentzat zaila dela alzheimerraren sintomak eta adinak eragindako aldaketak bereiztea. "Hori dela eta, garrantzitsua da adinak ez duela dementzia eragiten gogoratzea; adinarekin ikasteko edo gogoratzeko arintasuna galtzen da, baina memoria galtzea edo eguneroko gauzak behin eta berriz ahaztea ez daude adinarekin lotuta", azaldu du.
Diagnosi goiztiarra bultzatzea garrantzitsua da gaixoen bizi kalitatea hobetzeko, izan ere, sendabiderik ez badago ere sintomak atzeratzeko tratamenduak badaude.
Bestalde, gaixoak sozializatzearen beharra azpimarratu du: "Memoria galerak dituzten gaixoek etxean gelditzeko joera dute, baina alderantziz egin behar da eta ahalik eta gehien sozializatzea lortu behar da".