Gizartea -
EHU
LOMCEk hezkuntza sistemaren balioak urratzen dituela esan du Urkulluk
Lehendakariaren esanetan, Espainiako Gobernuak ez du hezkuntzarekiko konpromiso 'serio' eta 'egonkorra' erakusten.
Erredakzioa
LOMCE legeak "hezkuntza sistemari eusten dioten balioak urratzen ditu, bai sorreran baita ezarpenean ere", Iñigo Urkullu lehendakariaren arabera.
Urkulluren ustez, Espainiako Gobernuak ez du hezkuntzarekiko konpromiso "serio" eta "egonkorra" erakusten, eta LOMCE legea jarri du horren adibide. Salatu duenez, Alderdi Popularrak "koiunturala den gehiengo absolutua erabili du" legea aurrera ateratzeko.
"Egiturazkoa da akordioa", nabarmendu du Iñigo Urkulluk EHUren ikasturte hasierako ekitaldian egindako hitzaldian.
Espainiako Gobernuak LOMCErekin egin duen apustua "epe motzekoa da, etorkizunera begiratu gabe egindakoa da. Elkarrizketan eta adostasunean gutxi ateratzen du, eta bikain, berriz, inposizioan eta inprobisazioan".
Iñaki Goirizelaia EHUren errektoreak ere Espainiako Gobernua kritikatu du "nora goazen jakin gabe" jarduteagatik, eta dekretu lege eta ministerio aginduen bitartez legeak egiteagatik.