Gizartea -
Irteera operazioa
Auto-ilara oso luzeak izan dira Gipuzkoan eta Araban
EAEko errepideetan auto-ilara luzeak errepikatu dira egunean zehar. Horrela, AP-8 autobidean eta Araban, Gasteizen eta Armiñonen, ilarak sortu dira.
Erredakzioa
EAEko errepideetan auto-ilara luzeak errepikatu dira egunean zehar. Horrela, AP-8 autobidean eta Araban, Gasteizen eta Armiñonen, ilarak sortu dira.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, EAEko errepideetan ez da istripu larririk gertatu. Nafarroan, aldiz, N-121 errepidean (Iruña-Tutera) gertatutako istripu batean, pertsona bat hil da, eta beste bi lagun arin zauritu dira.
Europa iparraldetik hegoaldera doazen bidaiarien eraginez, zirkulazio arazoak izan dira AP-8an Irungo ordainlekuan Donostiako noranzkoan, eta 7 kilometroko auto-ilarak sortu dira, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Arazoak mugan
Auto-ilarak Irungo ordainlekutik Biriatura heldu dira, eta, beraz, zirkulazioa oso motela izan da tarte horretan.
Goizaldean hasi dira auto-ilarak sortzen, hain zuzen ere, 05:00etan 2 kilometroko ilarak zeuden Irungo ordainlekuan, eta ordubete geroago 4 kilometrokoak. Zarautzen, AP-8an, 2 kilometroko auto-ilarak izan dira.
Ilarak Araban
Bestalde, zirkulazio arazo gehiago sortu dira Euskal Herriko errepideetako beste hainbat gunetan. Armiñonen AP-1 errepidean, Madrilerako noranzkoan, 3 kilometroko auto-ilarak sortu dira, arratsaldean, 5 kilometrora heldu dira.
Gasteizen, Etxabarri-Ibiñako ordainlekuan 2 kilometroko auto-ilarak sortu dira Madrilerako norabidean, eta azkenik N-622ak A-1 errepidearekin bat egiten duen tokian ere lau kilometroko auto-ilarak sortu dira.