Gizartea -

Kabia

Zaharren egoitzak kudeatzeko erakundea sortu du Gipuzkoako Aldundiak

Kabiak, lehenik, Villabona, Zumaia, Elgoibar, Lasarte-Oria eta Azkoitiko egoitzak hartuko ditu bere gain.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Foru Aldundiak Kabia izeneko erakunde autonomo berri bat aurkeztu du gaur, lurraldeko zaharren 16 udal egoitzen kudeaketa pixkanaka bere gain hartzeko sortua. Horrela, Gipuzkoako udalek egindako aldarrikapen bati erantzun nahi dio foru erakundeak, eta Gizarte Zerbitzuen Legeak ezarritakoa betetzen du, foru administrazioen eskumena baita zentro hauen kudeaketa.

Kabiak, lehenik, Villabona, Zumaia, Elgoibar, Lasarte-Oria eta Azkoitiko egoitzak hartuko ditu bere gain. Tresna garrantzitsua izango omen da Gipuzkoako gizarte zerbitzuen kudeaketa zuzenera bideratutako aldaketa baterantz urratsa emateko.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako diputatu Ander Rodríguezek iragarri du gaur erakunde autonomo honen sorrera arautuko duen Foru Arauaren erakusketa publikoaren izapidea hasi dela. Erakundearen sorrera Batzar Nagusiek onartu beharko dute uda ostean, eta, lehen urrats hori eman ostean, Aldundiak adinekoen udal egoitzen eskualdaketa egiteko akordioak sinatuko ditu aurten bost udalekin, Gizarte Zerbitzuen 18/2008 Legean ezarritako eskumen banaketan ezarritakoaren arabera.

Hala, Kabia osatuko duten lehen egoitzak Elgoibar, Villabona, Zumaia, Lasarte-Oria eta Azkoitia udalerrietakoak izango dira, alkateekin adostutako 2013-2016rako Arretarako Hobekuntza Planeko egutegian jaso bezala.

Bost egoitza hauetan, 250 erabiltzaile eta 150 lanpostu inguru daude. Rodriguezek "lasaitasun mezua" helarazi nahi izan die egoitzotako langileei, eta beren lanarekin jarraituko dutela ziurtatu die, bai eta Aldundiak oraingo lan-baldintzak mantenduko dituela ere. Era berean, egoitzetan dauden pertsonei esan diete arreta eta zerbitzu bera jasotzen jarraituko dutela.

Foru arduradunak azpimarratu duenez, "Kabiaren sorrera urrats garrantzitsua da gure lurraldean egiten ari garen gizarte zerbitzuen eredu aldaketa egiteko". "Foru Gobernu honek gure zerbitzu publikoen kudeaketa publiko eta zuzena defendatzen du, eta horretan sinesten du, bai eta gure konpetentzia diren ardurak Administrazioak guztiz bere gain hartzea ere", azaldu du. Hori dela eta, "eraldaketa prozesu bat" abiatu dutela eta Kabia sortu izana horren barruan kokatzen dela esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Gipuzkoa Gizartea albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Egoitza geriatrikoak Gipuzkoako Foru Aldundia azken orduko albisteak