Gizartea -
Hezkuntza erreforma
LOMCEren atal gutxi batzuk aplikatuko ditu Euskadik arazoak saihesteko
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuaren hitzetan, “sistemaren eta ikasleriaren onerako” diren puntuak besterik ez dituzte aplikatuko.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak LOMCE legearen atal gutxi batzuk aplikatuko ditu irailetik aurrera, “ikasleek ikasturtea amaitzeko arazorik izan ez dezaten”.
Espainiako Gobernuak onartutako hezkuntza erreformaren aurka agertu da behin eta berriro Eusko Jaurlaritza eta legea Auzitegi Konstituzionalera eramatea ez du oraindik baztertu.
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak Gobernu bileraren ondorengo agerraldian azaldu duenez, “indarrean dagoen” eta derrigorrez bete behar duten legea da Wert ministroak bultzatutako erreforma. Euskadik ezin du legea saihestu, baina ikasleak babesteko neurriak hartuko dituzte, Uriarteren hitzetan.
Izan ere, “sistemaren eta ikasleriaren onerako” diren puntuak besterik ez ditu aplikatuko.
Horren harian, irailetik aurrera, ikasteko zailtasunak dituzten ikasleak antzemateko froga egingo dute lehen hezkuntzako hirugarren ikasturtean, LOMCEk agintzen duen moduan.
Horrez gain, erlijioa ordezkatzeko asignatura derrigorrezkoa izango da, eta Ingurugiroaren Ezagutza ere bi asignatura ezberdinetan banatuko dute.