Gizartea -
Hitzartutako zentroa
Deustuko Ibaigane ikastetxea itxi dute krisiaren ondorioz
Ikastetxeak ia 300 ikasle eta 38 langile zituen. Zentroko langileentzako eta familientzako konponbide bat eskatu die ELA sindikatuak Kristau Eskolari eta Eusko Jaurlaritzari.
Erredakzioa
Deustuko (Bilbo) Ibaigane Fundazioa ikastetxea itxi dutela jakitera eman du gaur ELA sindikatuak. Erabakia kritikatu du ELAk. Zentroko langileentzako eta familientzako konponbide bat eskatu die sindikatu abertzaleak Kristau Eskolari eta Eusko Jaurlaritzari.
ELAk gehiengo sindikala du ikastetxean, bost ordezkarirekin. "Ilunzaletasunez eta aurretik abisurik eman gabe" Ibaigane Fundazioak ixtea erabaki duela salatu du sindikatuak. Ikastetxeak ia 300 ikasle eta 38 langile zituen.
Hitzartutako ikastetxeak arazo ekonomikoak zituela bazekiten, sindikatuak azaldu duenez.
Zentroaren egoera konkretua ezagutzera emateko eskatu du aurten ELAk behin eta berriro, "baina ez dugu erantzunik jaso", erantsi du sindikatuak.
"Aldebakarreko erabaki larria"
"Ikasturtearen amaierara arte itxaron dute aldebakarreko erabaki larriaren berri emateko, familiak eta langileak konturatu gabe", aurpegiratu die ELAk kudeatzaileei.
"Patronalak zein jabeek ez diete egoeraren informaziorik sekula eman familiei eta langileen ordezkariei, eta ez dute konponbide bat bilatu eta adostu nahi izan", salatu du sindikatuak.