Gizartea -
Genero indarkeria 2013an
Indarkeria matxistaren biktimen 5etik 1ek soilik jarria zuen salaketa
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak 2013an gertaturiko genero indarkeria hilketak ikertuko ditu zerk huts egin duen argitzeko.
Erredakzioa
2013an genero indarkeriaren ondorioz hil ziren 54 emakumeetatik 11k soilik zuten jarrita salaketa. Halaber, 6 adin txikiko hil ziren horien amaren bikoteek edo bikotekide ohiek eraso egin ondoren, eta 42 haur umezurtz gelditu ziren. 2013ko datu horiek ezin dira aurreko urteetako datuekin alderatu, ez baitago aurreko urteetako estatistikarik.
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusian egoitza duen Genero Indarkeriaren kontrako Behatokiak 2013. urteko balantzea egin du ostegun honetan.
Iaz, genero indarkeriarekin loturiko 124.894 salaketa jarri ziren guztira, 2012an baino 3.649 gutxiago. Bataz beste 342 salaketa jarri ziren egunero eta salaketen 10etik 7 biktimak jarri zituen. Andaluzian, Balear uharteetan, Kanariar uharteetan, Valentziako erkidegoan eta Murtzian jarri zituzten bataz beste salaketa gehien.
Salaketa aurkeztu ondoren, biktimen % 1,2k uko egin zioten prozedimendua jarraitzeari.
Bestalde, genero indarkeria egotzita epaitutako adin txikikoen kopurua % 5 hazi da.
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak zerk huts egin duen ikertuko du
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusian egoitza duen Genero Indarkeriaren kontrako Behatokiak hilketa bakoitza ikertuko du, Espainiako Barne Ministerioarekin elkarlanean, zerk huts egin duen argitzeko.
Angeles Carmona Behatokiko kidearen esanetan,"ezin da onartu pausoa eman eta salaketa jartzen duen emakumea eraila izatea. Erabat onartezina da".
Nafarroan erretiratu zituzten salaketa gehien
Iaz, genero indarkeriarekin loturiko 1.219 salaketa jarri zituzten Nafarroan, baina horietatik 332 erretiratu egin zituzten; hain zuzen ere, Nafarroa da erretiro tasa handiena duen erkidegoa (% 27,24).
Nafarroaren atzetik erretiro tasa handiena duten erkidegoak Murtzia (% 16,58), Euskal Autonomia Erkidegoa ( % 16,21) eta Asturias (% 15,42) dira.
Nafarroan 10.000 emakumeko 37,68 salaketa aurkeztu ziren, 52,18ko batez bestekotik behera.