Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Andina Pereiraren ustezko hiltzailea kartzelan sartu dute

Mungian hildako emakumearen bikotekide ohiak aurrekariak ditu, aurreko neska-lagun bati ere tratu txarrak emateagatik.

Emakumea hilda aurkitu duten etxebizitza, Mungian. EFE
Mungia
Mungiako emakumearen ustezko hiltzailea epailearen esku utzi dute

2:06

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Epaileak 14:30ean Andina Pereira Mungian indarkeria zantzuekin hilda aurkitu zuten emakumearen ustezko hiltzailea Basauriko (Bizkaia) kartzelan sartzea agindu du, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Gizonezkoa 35 urtekoa eta Zamudioko bizilaguna da, eta aurrekariak ditu aurreko bikotekide bati ere tratu txarrak emateagatik. Andinak, baina, ez zuen salaketarik jarri horren aurka, EFEk jakinarazi duenez.

Andinaren bi seme-alabak, Amanda eta Marcos (10 eta 14 urtekoak), Bizkaiko Aldundiaren gizarte zerbitzuen esku daude, senideek horien ardura bere gain hartu arte.

Mungiako Udalak auzian akusazio partikular gisa aurkeztea erabaki du, eta elkarretaratzea deitu du 19:00etarako, hilketa gaitzesteko. Besteak beste, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria izango dira bertan.

Tragedia atzo jazo zen, 13:15ean. Ordu horretan, Andinaren alabak konorte barik topatu zuen ama, etxean, eta larrialdi zerbitzuetara deitu zuen. Osasun langileak bertaratu ziren, baina ezin izan zuten ezer egin emakumearen bizia salbatzeko.

Emakumearen lagun batek azaldu duenez, Andina bikotekide ohiaren "beldur" zen, "zelatatu" egiten zuelako eta "inorekin hitz egitea" debekatu ziolako.

Biktima "lur jota" zegoen, eta etxetik ia ez zen ateratzen.

"Kalera ateratzea edota herriko norbaitekin hitz egitea debekatuta zuen. Bikotekide ohiak inorekin hitz egitea debekatu zion. Are gehiago, sakelako telefonoa kendu eta beste linea bat kontratatu zion Andinari, horren telefono-zenbakia berak bakarrik izateko", gaineratu du.

 

-----------

Tratu txarrak pairatzen badituzu, jarraitu gida honetako aholkuak edo deitu 016 edo 900 840 111 telefonoetara. Doakoak dira eta ez dute aztarnarik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintzaren albisteak Tratu txarrak Mungia Delituak argazkiak Gizartea albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Matxismoa Krimenak azken ordukoa