Gizartea -
Hondoratzea
Bi arrantzale hil dira Asturiasen, ontzi bat hondoratuta
Peñas lurmuturretik gertu hondoratu da, eta sei arrantzale desagertu dira. Asteartean, 08:00etan, jarraituko dute bilaketa lanekin.
Erredakzioa
Bi arrantzale hilik aurkitu dituzte eta beste sei desagertuta daude, Santa Ana arrantza-ontzia hondoratu eta gero. Istripua Asturiasen gertatu da, Peñas lurmuturretik gertu. Itsasontzian zihoan beste kide bat beste arrantza-ontzi batek erreskatatu du.
Itsas Salbamenduak zabaldutako informazioaren arabera, Portugalgo bandera zuen hondoratutako ontziak, eta bost espainiar, bi portugaldar eta bi indonesiar zihoazen bertan. Salvamar Rigel ontziak aurkitu ditu bi hildakoak.
Erbosa uhartean behea jo ostean hondoratu da Santa Ana arrantza-ontzia. Goizeko bost eta erdietan, Ciudad de Albufeira ontziak Salbamentuko Koordinazio Zentrora deitu du Santa Ana ontziarekin kontaktua galdu duela jakinarazteko.
Helikoptero bat eta Salvamar Rigel salbamenduko itsasontzia bidali dituzte inguru horretara, eta Mareco ontziak marinel bat erreskatatu du 05:58an. Luancora eraman dute, eta, iritsi direnerako, anbulantzia bat zain zuen bertan.
Desagertutako sei marinelen bila jarraitzen dute inguru horretan.
Bilaketa, asteartera arte bertan behera
Bilaketa-operatiboa 19:45ean bertan behera geratu da, gaua iristean, eta bihar goizean, 08:00etan, jarraituko dute, Itsas Salbamendutik jakitera eman dutenez.