Gizartea -

Istilu larriak Bilbon

Antolakuntzarik gabeko taldeak, Bilboko istiluen eragileak

Eusko Jaurlaritzak "sistemaren aurkako taldeei" egotzi die Bilboko istilu larriak.

Istiluak Bilbon
Istiluak Bilbon
Kalte ugari Bilbo erdigunean

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ehunka pertsonak kalte handiak egin zituzten atzo Bilbon, Christine Lagarde Nazioarteko Diru Funtseko (NDF) zuzendariaren eta troikako beste hainbat buruzagiren bisitaren aurka protesta egiteko.

Tankera horretako istiluak oso ohikoak dira G8aren eta agintari ekonomikoen goi-bileretan, eta atzo Bizkaiko hiriburua gogor kolpatu zuten, Ertzaintzak, Espainiako Poliziak, Guardia Zibilak eta Udaltzaingoak segurtasun neurri zorrotzak abiatu bazituzten ere (1.000 agente inguru zeuden kalean).

Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak azaldu duenez, istiluak "sistemaren aurkako taldeek" eragin zituzten.

"Egileak ez dira talde antolatuak; askotan, sistemaren aurkako taldeak unean bertan antolatzen dira, eta hori da oraingoan gertatu dena", zehaztu du, "Boulevard" Radio Euskadiko saioan egindako elkarrizketan.

Denak, gainera, ez dira gazteak. Izan ere, atxilotuetako bat 40 urtetik gorakoa da, Ertzaintzatik eitb.com-i baieztatu diotenez.

Kalte materialak oso handiak izan ziren, eta ez bakarrik banketxeetan eta dendetan. Ibone Bengoetxea Bilboko alkateordearen esanetan, hiri-altzariak eta hainbat zerbitzu publiko (autobus batzuk, kasu) ere suntsitu zituzten.

Guztira, Ertzaintzak zazpi pertsona atxilotu zituen, eta beste bat inputatu zuten.

Atzemandakoak epailearen esku utzi dituzte gaur goizean, eta gaur bertan galdekatuko ditu.

Atxiloketak egiteaz gain, Ertzaintzak 50 pertsona inguru identifikatu zituen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Bilbo albisteak NDF Gizartea bideoak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Manifestazioak Europako Banku Zentrala