Gizartea -
Sare sozialak
Frantzisko aita santua, munduko lehena sare sozialetan
Aita santuak Barack Obamak, Dalai Lamak eta Cristina Kirchnerrek baino arrakasta handiagoa du Twitterren, batez beste 6.637 bertxio baititu.
Erredakzioa
Frantzisko aita santuak Barack Obana AEBko presidenteak berak baino pisu handiagoa du Twiterren, Obamak baino lau aldiz bertxio gehiago lortzen baititu. Honela, Frantzisko sare sozialetan munduko lehena da, astearte honetan Bartzelonan Mobile World Congressen aurkeztutako ikerketaren arabera.
"Aita santua denon esanetara egon behar da, batez ere, pobreen, ahulen eta txikienen esanetara"; hori da bertxio gehien lortu duen aita santuaren txioa. Guztira, 30.608 bertxio izan ditu, 2013ko urtarrileko hasierako mezua kontuan izan gabe.
Aita santuaren txio bakoitzak batez beste 6.637 bertxio lortzen ditu; Obamaren txio bakoitzak, berriz, 2.309 baino ez. Honek Frantzisko sare sozialen munduko lehena bilakatu du, Obamak, Dalai Lamak eta Cristina Kirchner Argentinako presidenteak baino gehiago lortuta, 3rdPlaceren fundatzailea Claudio Zamboniek adierazi duenez.
Ikerketak aintzat hartu du aita santuak 12 milioi jarraitzaile dituela (kontu ofizialaren 13 hilabetetan hizkuntz guztietan lortu dituenak batuz); Obamak, aldiz, 40.9 milioi jarraitzaile baino gehiago ditu (72 hilabete daramatza agintean). Argitaratutako mezu kopuruari dagokionez, Obamak egunean 7,76 txio bidaltzen ditu; Frantziskok, berriz 0,79.
Txostenak aztertzen duen aldian, One Direction musika taldeak eta Justin Biber abeslariak bakarrik lortu zituzten Jorge Mario Bergoglioren 49 milioi aipamenak baino gehiago. Hortaz, lanaren arabera, aita santua 2013an Interneteko pertsona ezagunenetan hirugarrena izan zen.
Fenomenoaren giltzak
Jesus Colina Aleteia enpresako presidente eta zuzendariak azpimarratu duenez, pertsonen eguneroko gaiak jorratzea da aita santu honen ezaugarri nagusietariko bat. Izan ere, horrela eremu guztiak ukitzen ditu, gizartea, politika eta etika bezalako auziak aztertuz, sarean oihartzun handien duten auziak hain zuzen. Adibidez, homosexualitatearen inguruko txioa aireratu zuenean, bera ez zela inor pertsona horiek epaitzeko esan zuenean, oihartzun handia izan zuen, erlijiotik harago doan gaia izan zelako.