Gizartea -

Olatu denboralea

Jaurlaritzak kalteen lehen balantzea zehaztuko du gaur

Asteazken honetan beste olatu denborale bat etorriko da, baina ez da izango asteburukoa bezain indartsua.

Itsasotik gertu dauden zubiek ez ezik, urrun daudenek ere kalteak izan dituzte. Argazkia: IH
Itsasotik gertu dauden zubiek ez ezik, urrun daudenek ere kalteak izan dituzte. Argazkia: IH
Olatu denboralearen ondorio ikusgarriak Donostian

5:40

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Segurtasun Sailak alerta laranja ezarriko du gaur, asteartea, haize bortitzagatik, 120 km/h-ko baina haizete handiagoak espero baitira haize-guneetan eta asteazkenean abisu laranja kostaldean izango da berriro ere, 7 metrorainoko olatuak izan litezkeelako.

Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologia Zuzendaritzak informatu duenez, haizea protagonista izango da gaur eta abisu horia ezarriko da haizetik babestutako guneetan, bereziki bortitza Bizkaiko mendebaldean eta Gipuzkoako ekialdean izango da, 80 km/h abiadura lortuta.

Haize-guneetan, ordea, abisua laranja izango da, eguerditik aurrera. Haize-ufadek 120 km/h-rainoko abiadura hartuko dute, bereziki mendebaldeko mendi inguruetan.

Eguraldi txarrak kostaldean ere eragingo du, abisu horia izango baita indarrean, lau metroko olatuak izateko arriskua dela eta. Asteazkenean, ordea, egoera larriagoa izango da kostaldean, 12:00etatik aurrera, alerta laranja ezarriko baitute.

Goizean lau metroko olatuak izatea espero bada ere, itsasoa harrotuko da eta 6-7 metroko olatuak izatea aurreikusi dute. Egoerak baretzeko joera hartuko du eguneko azken partean, 5-6 metroko olatuak izango baitira.

Zubietako egituretan kalteak

Donostiako kostaldea astindu zuen itsas-denboraleak Maria Cristina eta Mundaiz zubietako egituretan kalteak eragin ditu, baita Kursaal eta Santa Katalina zubietan ere, besteak beste.

Nora Kalparsoro Hiriko Zerbitzu eta Azpiegituretako ordezkariak egituren ebaluazio bat egin du, Juan Karlos Izagirre hiriko alkatearekin batera egindako prentsaurreko batean, azken hamarkadetan hiriak izandako denborale gogorretakoaren ostean.

Kalparsorok azaldu duenez, Mundaiz zubiak ez du euskarririk ibaian, baina estribuak bai, "hori dela eta, olatuek beheko partea jo zutenez, altxatzea lortu zuten. Begi-bistan ezin ikusi, baina olatuek altxatu egin zuten, eta horregatik izan ditu kalteak egituran".

Bestalde, Maria Cristina zubia "oso zaharra" da, eta azken berrikuntza "orain dela urte asko" egin zuten; baliteke horrek "ahulago egin izana" olatuen eraginaren aurrean; olatuok, ibaian sartzean, "energia handiko ur-masa bat" sortu zuten. "Agian ez zen oso sakona izan, baina indar asko zuen", azaldu du Kalparsorok.

Hilabete barru zubiak konpontzeko lanak hastea espero du Udalak. Bestalde, Kontxako pasealekuko eskailerak, arrapalak, zokaloak eta barandak konpontzeko hilabete eta erdi beharko dute.

Kalteen balantzea

Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak esan duenez, "goiz da pairatu dugun hondamendiari aurre egiteko moduez hitz egiteko, lehenengo kalteak zenbatu behar direlako".

Oregik kazetariek egindako galderei erantzunez egin ditu adierazpenok, hondamendi eremu eskatzeko aukera zabaldu delako.

Sailburua Iñigo Urkullu lehendakariarekin batera izan da Donostian, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin eta Juan Karlos Izagirre alkatearekin kalteak aztertzeko bildu baino lehen.

Oregik, bilera hasi baino lehen, kazetarien galderak erantzun ditu eta, bide batez, "zuhurrak" izatea eta urrats gehiago eman baino lehen "kalteak zenbatzea" eskatu du. "Horretan gabiltza, eta zenbaketa eginda dugunean ikusiko dugu zeintzuk diren hartu beharreko bideak", gaineratu du.

Gaur bertan, Jaurlaritzak kaleen lehen balantzea emango du, astearteroko Gobernu Kontseiluaren ostean.

Ministroa kostaldeko zenbait herritan izan da. EFE

Miguel Arias Cañete Nekazaritza, Arrantza eta Ingurumen ministroak esan duenez, erakundeak kalteak aztertzen ari dira, Gobernu zentralak horrelako kasuetan abiatzen dituen neurriak antolatu ahal izateko.

Bilbon, hedabideen aurrean egin dituen adierazpenetan, ministroak azaldu du gaur, astelehena, Bakion bisita egiteko asmoa duela, Kostaldeko Buruzagitzarekin batera euskal kostaldean izandako kalteak zenbatzeko, eta kaltetutako guneak berreskuratzeko lanak zehazteko.

Arias Cañeteren esanetan, erakundeak txosten bat egiten ari dira, denboralearen kalteak ondo zenbatzeko, hartu beharreko neurriak udal eta erkidegoetako agintariarekin koordinatuta hartzeko.

Olatu denboralea baretzen hasi da, atzo azken hamarkadetako kalte handienak egin eta gero. Gaur abisu horia ezarri dute Euskadin, 5 metrorainoko olatuak espero baitira, baina 07:00etako itsasgorak ez du kalte handiagorik egin, eta 12:00etan abisu horia bukatu da.

Atzo, kalteak oso handiak izan ziren 15 herritan, batik bat Donostian, Bermeon, Zarautzen, Lekeition eta Hendaian. Zarautz eta Getaria lotzen dituen errepidea arratsaldean zabaldu dute berriro, baina paso alternatibo batetik.

"Esperotakoa baino handiagoa"

"Boulevard" Radio Euskadiko saioan egindako elkarrizketan, kalte materialak "esperotakoak baino handiagoak" izan direla azaldu du Juan Karlos Izagirre alkateak. Dena dela, zenbaterainokoak izan diren zehazteko "hainbat egun" beharko dituztela gaineratu du.

Horren ildotik, orain lehentasuna zirkulazioa bere onera etortzea eta barandak konpontzea dela esan du. "Eta ondoren kalteak zehazten hasiko gara", nabarmendu du.

 

Iñigo Urkullu, Ana Oregi, Juan Carlos Izagirre eta Martin Garitano. Argazkia: EFE

Atzo Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuarekin eta Martin Garitano ahaldun nagusiarekin hitz egin zuen, eta gaur Carlos Urquijo Espainiako Gobernuko ordezkariarekin egingo du.

Iñigo Urkullu lehendakaria Donostian izan da 13:00etan.

Bestalde, Idurre Bideguren Bermeoko alkateak azaldu duenez, euren lehentasuna kaia konpontzea da. Martin Garitano ahaldun nagusia ere kaltetutako herriak bisitatzen ari da.

"Une honetan, portuaren ateak irekita daude itsasoarentzat, eta olatu txikienak ere ezbehar bat sor lezake", ohartarazi du. Horregatik, Udala uneoro Portu zuzendaritzarekin harremanetan dagoela azaldu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea