Gizartea -
Osasuna
Lehendik gaitz larriak zituzten bi pertsona hil dira gripeagatik EAEn
Gaixotasunak Europako herrialdeetan aurreikusita duen % 0,1eko hilkortasun tasaren barnean daude bi heriotza horiek. Nafarroan, hiru persona hil dira urrian epidemia hasi zenetik.
Erredakzioa
Aurrez gaitz "oso larriak" zituzten eta gripearen aurkako txertoa hartu gabe zeuden bi pertsona hil dira birusagatik EAEn azken egunetan.
Osasun Sailak ohar batean adierazi duenez, hil diren bi pertsonetatik, bat minbiziaren aurkako tratamendua jasotzen ari zen, eta bestea, aldiz, giltzurrunetako gutxiegitasun larria pairatzen ari zen.
Gaixotasunak Europako herrialdeetan aurreikusita duen % 0,1eko hilkortasun tasaren barnean daude bi heriotza horiek. Gainera, Jon Darponen sailak esan duenez, tasa horrek gora egiten du gaixotasun larriak dituzten pertsonen kasuan. Horren harira, urteko hirugarren astean aurrez gaixorik ez zegoen inor ez dela hil zehaztu du Osasun sailak.
Hirugarren aste horretan, 100.000 biztanleko 340 gripe kasu atzeman dira, bigarren astean baino gehiago, orduan 243,46 kasu izan baitziren.
Dena dela, bi asteetan aurreko urteetan baino kasu gutxiago eman dira, 100.000 pertsonako, 600 edo 800 gaixo izatera iritsi baitzen.
Hirugarren astean, kaltetu nagusiak lau urte baino gutxiagoko haurrak eta bost eta hamalau urte bitartekoak izan ziren. Datu hori ohikoa da; izan ere, Gabonen ostean, ikasgeletara itzultzean, kasu gehiago atzeman ohi dira.
64 urtetik gorakoen artean, gripeak eragin gutxiago izan du, baina 15 eta 64 urte bitartekoen artean, ordea, gora egin du.
Hirugarren astean ikertutako hamar gripe laginetatik sei, % 62a, A motako birusak dira, aurtengo txertoak babesten duena, hain zuzen. Bigarren astean, mota horretakoak % 83a ziren.
Osakidetzan artatu diren gripe kasuei dagokienez, astebetean % 28 igo dira kontsultak. Bizkaian, 100.000 biztanleko 236 kontsulta egin dira; Gipuzkoan, 227; eta Araban, 222.
Hiru hildako Nafarroan
Urrian gripearen epidemia hasi zenetik, hiru persona hil dira Nafarroan birusaren eraginez. Biktimak 85 urtetik gorakoak ziren, eta hirurek gaixotasun kronikoak zituzten.
Azkenengo astean, gripea dela eta, 38 pertsona ospitaleratu dituzte Nafarroako erietxeetan, gehienak, 65 urtetik gorako pertsonak. Ospitaleratutakoen % 8 bost urtetik beherako haurrak izan dira, adin tarte horretan gripe kasuek gora egin baitute.
Denboraldi osoa kontuan izanda, 8.100 gripe kasu atzeman dira Nafarroan; horietako 3.200, azken astean.