Gizartea -
Aranzadiren datuak
350 fusilatu daude lurpetik atera gabe Nafarroan, 52 hobitan
Aranzadi Zientzia Elkartearen datuen arabera, 160.000 euro baino gutxiago beharko lirateke horiek ateratzeko.
Erredakzioa
Nafarroan, 350 fusilatu daude lurpetik atera gabe, 52 hobitan; horiek ateratzeko, 160.000 euro baino gutxiago beharko lirateke, Aranzadi Zientzia Elkartearen datuen arabera. Halaber, beste 12 bat kasu daude gaur egun ikerketa prozesuan eta 15.000 euro beharko lirateke horietarako.
Bideragarriak ez diren kasuak kanpoan zenbateko horretatik at utzi dituzte, Jimi Jimenez Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak azaldu duenez.
Jimenezek agerraldia egin du Nafarroako Parlamentuko Presidentzua, Justizia eta Barne batzordean. Harekin batera, Paco Echeverria forentsea eta Olga Alcega Fusilatuen Senitartekoen Nafarroako elkarteko presidentea izan dira.
PSNk, Bilduk, Aralar-NaBaik, Izquierda-Ezkerrak eta Patxi Leuza parlamentariak eskatuta egin dute agerraldia; helburua joan den urteko azaroan onartutako Memoria Historikoaren Nafarroako Legea betearazteko 2014ra begira beharrezkoak diren baliabideen berri ematea izan da.
Alcegak ''konpromiso egonkor eta sakona'' eskatu dio Nafarroako Gobernuari, eta Echevarriak Espainia mailan lurpetik atera dituzten hilotzen datuen berri eman du. Forentseak azaldu duenez, 2.000. urtetik 6.500 eskeleto atera dituzte 300 hobitik eta horietatik ''hainbat'' Nafarroan. Hala, lurralde horretan egun hainbat hobi irekitzeke dituztela adierazi du, eta horretarako baliabide ekonomikorik ez dutela.