Gizartea -
Inaugurazioa
Zabalganako osasun zentro berriak 21.400 herritar artatuko ditu
Gaur inauguratu dute Gasteizko Zabalgana auzoko osasun zentro berria. Asteazkenean irekiko ditu ateak.
Erredakzioa
Gasteizko Zabalgana auzoko osasun zentro berriak asteazkenean irekiko ditu ateak eta 21.400 herritarrei osasun-estaldura eskainiko die. Zentro berriak medikuntza orokorreko, pediatriako eta erizaintzako 34 kontsulta, ginekologia eta emagin zerbitzuko zortzi kontsulta eta helduentzako osasun mentaleko 20 kontsulta izango ditu.
Iñigo Urkullu lehendakariak eta Jon Darpon Osasun sailburuak inauguratu dute eraikina.
Zabalgana auzo gaztean dago osasun zentroa, eta 15.000 heldu eta 6.400 haur artatuko ditu. Horiek guztiek beste zentro batzuetara jo behar zuten orain arte. 45 langile arituko dira lanean bertan, eta, Osakidetzaren arabera, datorren urteetan 30.000 laguni emango die zerbitzua.
6,7 milioi euroko inbertsioa izan du osasun etxeak, eta Arabako Osasun Mentaleko Sarea osatzeko azken pausoa izan da.
Lehendakariak adierazi duenez, "eraikin moderno honek inguruko biztanleen arreta hobetuko du". Eusko Jaurlaritzak "osasunarekin duen konpromisoaren baitan" kokatu du Urkulluk zentro berriaren irekiera.
Jon Darpon Osasun sailburuak, bestalde, bere Sailak politika sozialen aldeko "apustua" egin duela nabarmendu du, eta zentro berria "bide horretan pauso bat gehiago" dela esan du.
Sailburuak jakitera eman duenez, 2014an Amurrio eta Kanpezuko osasun-etxeetako lanak hasiko dituzte, Arabako Unibertsitate Ospitaleko plan zuzentzailea aurkeztuko dute eta erietxe hori berritzeko eta handitzeko lanak hasiko dituzte.