Gizartea -
Udalaren arabera
Pasaiako suteak kaltetutakoei ostatu ematea atzeratu egin da
Udalak gertutik aztertu nahi du kaltetuak eraman nahi dituzten etxebizitzen egoera eta zein baldintzatan sartuko diren bertara.
Erredakzioa
Pasaiako suteak kaltetu dituenei ez diete aste honetan ostatu emango. Halaxe adierazi du Amaia Agirregabiria Pasaiako alkateak, Euskadi Irratiari eskaini dion elkarrizketa batean.
Oiartzungo Lintzirin Hotelean dauden kaltetuak Pasai Antxoko etxebizitza sozial batzuetara eramatea zegoen aurreikusita astearterako. Azkenean, ordea, ez da horrela izango: prozesua atzeratu egin da, Udalak gertutik aztertu nahi baitu etxebizitza horien egoera eta kaltetuak zein baldintzatan sartuko diren bertara.
Udalbatza aseguruekin izapideak bizkortzeko lanetan ari da, eta aste honetan bilduko da aseguratzaileekin kaltetuen egoera aztertzeko, guztiek ez baitute estaldura berdina.
Elkartasun eguna
Bien bitartean, kaltetuekiko elkartasuna erakusten jarraitzen dute herritarrek. Gaur, Elkartasun eguna ospatu dute, eta 11:00etatik, puzgarriak, pailazoak eta txikienentzat ekitaldiak antolatu dituzte.
Gainera, kaltetuei ostatu eman dien Lintzirin Hoteletik Trintxerpera, motorren elkarretaratze bat egin dute, dirua bildu eta kaltetuei babesa erakusteko.