Gizartea -
Epaiketa
Pagasarriko hilketaren akusatua absolbitu egin dute, froga faltagatik
1996an Pagasarri mendian Nestor Gandara hil izana epaitu dute. Herri epaimahaiak absolbitu egin du akusatua, froga faltagatik.
Erredakzioa
Herri epaimahaiak absolbitu egin du Pagasarriko hilketaren akusatu bakarra (I.A.A.), froga faltagatik. Nestor Gandara gaztea hil zuten Bilboko mendi horretan 1996an, kolpeka; eta, hilketa egotzita, 20 urteko espetxe zigorra eskatzen zuten akusatuarentzat. Epaimahaiko kideen ustez, baina, "ez da akusatua bertan egon zela agerian uzten zuen frogarik aurkitu".
Astearte arratsaldean irakurri dute epaia Bilboko Auzitegian, akusatua bertan ez zela. Goizean ziren epaia irakurtzekoak, baina atzeratu egin behar izan dute, akusatua bertaratu ez delako. Ondorioz, epaileak akusatua bilatu eta atxilotzeko agindua eman du, ihes eginda zegoela ulertuta.
Defentsaren abokatuak azaldu duenez, amarekin zegoen akusatua, epaiketan zer gertatuko zen ez jakiteak "oso urduri" jarri baitu.
Absoluzioaren ondoren, bertan behera geratu da hura atxilotzeko agindua.