Gizartea -

Pagasarriko krimena

Nestor Gandararen ustezko hiltzailearen kide ohia bahituta egon zen

Pagasarrin hilda agertu zen gaztearen epaiketan, ustezko hiltzailearen bi bikotekide ohiek deklaratu dute babespeko lekuko gisa.

Nestor Gandararen hilketaren epaiketa. Argazkia: EFE
Nestor Gandara hilketa epaiketa EFE
Nestor Gandararen hilketaren epaiketa. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nestor Gandararen ustezko hiltzailearen neska-lagun ohiak azaldu duenez, gaztearen hilketa gertatu zen gauean hainbat mehatxu jaso zituen. Auzipetu nagusiak zerbait kontatuz gero hil egingo zuela mehatxu egin zion bikotekideari, eta ohera lotu ondoren, hiru egunez bahituta izan zuen.

Zinpekoen epaimahaiarekin Bizkaiko Probintzia Auzitegian egiten ari den epaiketaren bigarren jardunaldia izan da gaur. Pagasarri mendiaren magalean 1996ko urtarrilean hilda agertu zen Nestor Gandara gaztearen hilketa epaitzen ari dira bertan. I.A.A. da auzipetu nagusia, eta gaztea hil arte kolpatzea egozten diote. Gaurko saioan, auzipetu nagusiaren bi bikotekide ohiek deklaratu dute lekuko babestu gisa.

Fiskaltzak eta akusazio partikularrak 20 urteko espetxe-zigorra eskatu dute hilketaren ustezko egilearentzat eta laguntzaile izan zituen F.B.B. eta J.I.B.B. anaientzat.

Bionbo baten atzean deklaratu dute bi lekukoek, eta urte askotan "beldurrez" bizi izan direla aitortu dute. Auzipetuak beldurrarazita zituela, eta behin baino gehiagotan tratu txarrak jasan zituztela adierazi dute.

Gaur deklaratu duen lehen emakumeak 13 urte egin zituen I.A.A. akusatuarekin. Horren hitzetan, 1996ko urtarrilaren 27ko goizaldean auzipetua etxera itzuli zenean arropak odolez zikinduta zituen, eta ondorengoa esan zion: "Droga saltzeagatik dirua zor zidan putaseme hori hil dut".

Nestor Gandararen ustezko hiltzailearen bigarren bikotekideak jakitera eman duenez, gau batean parrandan zeuden bitartean auzipetuak hilketaren inguruko xehetasunak eman zizkion. Besteak beste, hilketa gainerako bi auzipetuekin antolatu zuela eta nola egin zuten kontatu omen zion.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko albisteak Gizartea Gaurko titularrak Eguneko albisteak Krimenak azken ordukoa Igoera Pagasarrira