Gizartea -
Pagasarriko krimena
Auzipetuek ukatu egin dute Bilboko gaztea hil zutela
Nestor Gandara 24 urteko gaztearen hilotza Pagaarri mendiaren magalean agertu zen. Gertakariak 1996an izan ziren.
Erredakzioa
Bilbon 1996an gazte bat hiltzeagatik auzipetutako hiru gizonezkoek gertakarian parte hartu izana ukatu dute Bilbon hasi den epaiketan. Nestor Gandara gaztearen gorpua Pagasarri mendiaren magalean agertu zen.
Bilboko Probintzia Auzitegiak ahozko ikustaldia hasi du, zinpekoen epaimahaiarekin, hiru akusatuen aurka. Fiskaltzak 20 urte espetxe-zigorra eskatu du hilketagatik.
Gertakariak 1996ko urtarrilaren 26 eta 27 artean izan ziren. Nestor Gandara 24 urteko gaztea 26an desagertu zen eta haren hilotza 27an agertu zen Pagasarri mendiaren magalean.
Ikerketa hainbat urtez itxita egon zen, probarik ez zegoela eta. 2010ean, ordea, hilketaren egilearen inguruko pertsona batek Guardi Zibilari salaketa egin zion eta ikerketa berriz ere ireki zuten.
Fiskaltzaren aburuz, 47 urteko I.A.A. auzipetu nagusia da hilketaren egilea eta F.E.B.B. eta J.I.B.B. anaiekin ados jarri zen Nestor Gandararekin hitzordua egiteko. Bi anaiek autoen salmenta eta erosketara zuzendutako tailer bat zuten eta hitzordua orotariko ibilgailu baten salmentaren inguruan hitz egiteko egin zuten gaztearekin.
Ministerioak dioenez, biktimak “zorra” zuen I.A.A.rekin eta honek hiru golpe eman zizkion buruan objektu mingarri batekin. Hil ondoren gaztearen hilotza 150 metrora zegoen amildegi batera eraman zuten.
Abokatu defendatzaileek diotenez, hiru auzipetuen parte hartzearen inguruko "proba objektiborik ez dago".
Hiru auzipetuek euren errugabetasuna defendatu dute eta gertakarietan parte hartu izana ukatu dute.