Gizartea -
Hezkuntzaren erreforma
Jaurlaritzak helegitea jarriko du Konstituzionalean, LOMCEren aurka
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak Radio Euskadin azaldu duenez, Jaurlaritzak "baliabide guztiak" erabiliko ditu Wert ministroaren erreforma "saihesteko".
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak helegitea aurkeztuko du LOMCE Jose Ignacio Wert ministroaren hezkuntza erreformaren aurka, Auzitegi Konstituzionalean.
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak "Boulevard" Radio Euskadiko saioan egindako elkarrizketa batean aurreratu duenez, Espainiako Gobernuak "egun Senatuan dagoen testua" onartzen badu, Jaurlaritzak Konstituzionalera joko du. Izan ere, "erreformak ez ditu Euskadiren eskuduntzen berezitasunak aitortzen".
Uriarteren esanetan, Jaurlaritza xedapen gehigarri bat negoziatzen saiatu da, euskal sistemaren berezitasunak bermatzeko eta eskuduntzak errespetatzeko, baina, "ez denez posible izan", Gasteizko Gobernuak "baliabide guztiak" erabiliko ditu, erreforma "saihesteko".
Nolanahi ere, Jaurlaritzak legea "bete" egingo duela aitortu du.
Euskara Osakidetzan
Jaurlaritzak Osakidetzan euskara bermatzeko ezarriko duen planari dagokionez, helburua euskaldunek zerbitzua euren hizkuntzan jaso ahal izatea dela azaldu du Uriartek.
Horren esanetan, euskara "osasuntsu dago, baina erabilera sustatu beharra dago, nornahik erabili dezan".
Polizien biktimak, ikastetxeetan
Bestalde, sailburuak babestu egin du Polizien biktimak ikastetxeetara joatea, hala ikasleen artean "bizikidetza sustatzea" lortuko dutela uste baitu.
Dena dela, baztertu egin du indarkeria matxistaren biktimek programan parte hartzea, "estereotiporik ez sortzeko".