Gizartea -

Eusko Jaurlaritza

400.000 herritarrek koordainketaren gastua berreskuratuko dute

Diru-sarrera txikiak dituzten herritarrek eta bazterkeria egoeran daudenek jasoko dituzte Jaurlaritzaren laguntzak, koordainketaren ondorioz egiten duten gastua berreskuratzeko.

Koordainketaren gastua berreskuratuko dute erabiltzaileek. EFE.
Koordainketaren gastua berreskuratuko dute erabiltzaileek. EFE.
Osasun sailak 18 milioi euro itzultzeko asmoa du

1:10

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Diru-sarrera txikiak dituzten herritarrek eta bazterkeria egoeran dauden herritarrek Jaurlaritzaren diru-laguntzak jasoko dituzte, koordainketaren ondorioz egiten duten gastua berreskuratzeko. Guztira, 400.000 bat pertsonak jasoko dute koordainketaren gastua berreskuratzeko diru-laguntza.Behar handiak dituzten pertsonen arreta bermatu eta osasunaren arloan "aldeak murriztea" xede duten diru-laguntzak onartu ditu gaur Eusko Jaurlaritzak.Jon Darpon Osasun sailburuak azaldu duenez, laguntza horien helburua gaixotasun eta bazterkeria egoeran dauden pertsonei behar dituzten sendagaiak bermatzea izango da.Horretarako, medikuak agindutako tratamendu baten jarraipenaren ondorioz ordaindutako dirua itzuliko zaie herritarrei, "tratamendu farmakologikoak, produktu dietetikoak, gailuak eta osagarriak barne". "Euskadin ekitate-printzipioari eustea da jomuga. Hori dela-eta, Osasun Publikoko Zuzendaritza arduratuko da laguntza ekonomiko hauek erregulatuko dituen dekretua sortzeaz", iragarri du Darponek. Laguntzen zuzkidura handitu ahal izango da, eta herritarrek anbulatorietan, lurralde ordezkaritzetan edo zuzenean arreta zerbitzuaren bidez eskatu ahalko dituzte. Gizarte Segurantzan pentsiodun gisa daudenak, urtean 18.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituztenak edota langabezia-egoeran dauden eta prestaziorik jasotzen ez dutenek jaso ahal izango dituzte aipatu diru-laguntzak."Helburu horiek lehen mailakoak dira indarrean dagoen osasun planean, eta Osasun Saila prestatzen ari den 2013-2020 aldirako Osasun Plan berriaren bidez sendotuko dituzte", esan du Darponek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza albisteak Gizartea Albisteak Gaur Eguneko albisteak Osasunari buruzko albisteak Sendagaiak albisteak Dirulaguntzak Farmaziak