Gizartea -

Dokumentazioa

Azken hamarkadetako Estatuko hondamendi ekologiko garrantzitsuenak

Prestige ontziaren petrolio isuria eta Aznalcollarreko (Sevilla) putzuaren pitzadura izan dira azken urteetako hondamendi ekologiko handienak Estatuan.

Prestige
Prestige
Prestige

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Prestige ontziaren petrolio isuria eta Aznalcollarreko (Sevilla) putzuaren pitzadura izan dira azken urteetako hondamendi ekologiko garrantzitsuenak Estatuan.

Baina, horiekin batera, beste asko gertatu dira azken hamarkadetan:

- 2012ko uda: Gizakiaren "hutsegiteek eta arduragabekeriek" sute ugari eragin zituzten iazko udan. Azken hamarkadako urterik tragikoena izan da, eta suteen ondorioz 10 pertsona hil ziren 2012. urtean. Horrez gain, garrek 100.000 hektarea erre zituzten eta kalte ekologiko handiak eragin zituzten Garajonayko Parke Nazionalean.

- 1998ko irailak 22: Rota eta Zaragoza arteko petrolio-hodia apurtu zen Ecijan (Sevilla). Ondorioz, 400.000 litro isuri ziren Genil ibaian.

- 1992ko abenduak 3: Mar Egeo ontzi greziarra Coruñan hondartu zen, Herkulesen Dorrearen aurrean. 73.900 tona petrolio zeramatzan. Hurrengo egunean, 50 kilometro karratuko marea beltza izan zen Ferrol, Ares eta Betanzosen.

- 1987ko abenduak 5: Cason Panamako ontzia Finisterreko O Rostro hondartzan hondartu zen. 23 pertsona hil ziren ontzi barruan izandako leherketen ondorioz. Istripuak alarma piztu zuen, eta milaka pertsonak etxetik alde egin zuten, kutsadura saihesteko asmoz.

- 1986ko urtarrilak 11: Castillo de Salas ontzia Gijoneko San Lorenzo hondartzan hondartu zen, 100.000 tona ikatz zeramatzala. Egun batzuk geroago, ontzia bitan zatitu zen eta ikatzak marea beltz handia sortu zuen Asturiasko kostaldean.

- 1978ko abenduak 31: Andros Patria Greziako ontzi barruan sutea piztu zen, Coruña parean zegoela. Ontziko 34 pertsona hil ziren, eta zeraman petrolio gehiena itsasora isuri zuen. Galiziako eta Asturiasko kostaldeei eragin zien.

- 1976ko ekainak 12: Urquiola Bilboko ontzia Coruñako kostaldean hondartu zen. Ontzi barruan sutea piztu zen, eta 20.000 tona petrolio itsasora isuri zituen.

- 1970ko maiatzak 5: Norvegiako Polycommandar ontzian sutea piztu zen Cies uharteen parean zegoenean. 13.000 tona petrolio isuri zituen. Guztira 23 pertsona hil ziren, eta kalte handiak eragin zituen uharte horietan.

- 1996ko urtarrilak 17: Lau bonba nuklear zeramatzan B-52 hegazkin bonbaketari batek eta Morongo hegazkin batek talka egin zuten Almeriako Palomares herritik igarotzen ari zirenean. Lau bonbetatik hiru aurkitu zituzten, eta laugarrena lau hilabete geroago atera zuten itsasotik. Laugarren hori aurkitu baino hilabete lehenago, Manuel Fraga Turismo ministroak bainua hartu zuen Palomareseko hondartzan, kutsaduraren inguruko zurrumurruak isiltzeko asmoz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia bideoak Gizartea Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Ingurumena albisteak Euskadiko kutsadura