Gizartea -
Atzerritarren kanporatzea
Ikasleen protestak Frantzian, neskato ijitoaren deportazioa salatzeko
Parisko kaleetara aterako dira, egoera irregularrean dauden ikasle atzerritarren kanporatzea etetea eskatzeko Frantziako Gobernuari.
Erredakzioa
Goizeko lehen ordutik, Parisko hainbat institututako ehunka ikasle kalera atera dira Kosovoko neskato ijito baten deportazioa salatzeko.
Gutxienez, Frantziako hiriburuko lau institututako sarrera blokeatu dute, Parisko hedabideek jakinarazi dutenez.
Paris ekialdeko Nation plazan protesta deitu dute, egoera irregularrean dauden ikasle atzerritarren kanporatzea etetea eskatzeko Frantziako Gobernuari.
Gobernuaren erabakiak polemika piztu du Frantzian, eta asteazkenaz geroztik hainbat protesta izan dira herrialdean. Izan ere, Kosovoko 15 urteko neskato ijito bat atxilotu zuten urriaren 9an Levier hirian, Frantzia ekialdean, eskolako txango batean parte hartzen ari zela.
Frantziako egunkariek Gobernuaren kontrako hainbat kritika jaso dituzte gaurko aleetan.
Leonarda Dibrani du izena aipaturiko neskatoak, eta hirugarren maila egiten ari zen Portalierreko Andre Malraux ikastetxean. Atxilotu zutenean, Sochaux hiria bisitatzera zihoan, ikaskideekin batera.
Haren aita dagoeneko Frantziatik kanporatu eta Kosovora bidali dute, Gobernuaren erabakiaren kontra hainbat helegite jarri arren.