Gizartea -
Eusko Legebiltzarra
'Fracking'a ez da debekatuta egongo Euskadin
EAJk, PSE-EEk, PPk eta UPyDk legearen moldaketa onartu dute. Araudi berriak ez du frackinga berariaz debekatzen, baina ''ingurumenaren baloreekin'' bateraezinak diren jarduerei betoa jartzen die.
Erredakzioa
Euskal Herriko Natura Babesteko 16/1994 Legearen moldaketa onartu du ostegun honetan Eusko Legebiltzarrak, eta, ondorioz, 'fracking'a ez da berariaz debekatuta egongo Euskadin, baina ''ingurumenaren baloreekin'' bateraezinak diren jarduerei betoa jarriko die araudi berriak.
Hala, babestutako espazio horien arduradunen esku uzten du legeak haustura hidraulikoa balore horiekin bateragarria den ala ez erabakitzea.
Babestutako espazio naturaletan, gainazalean zein lur azpian, hidrokarburoen esplotaziorako haustura hidraulikoaren teknika erabiltzeko debekua ezartzea eskatu zuten Arabako Batzar Orokorrek.
EAJ, PSE-EE, PP eta UPyD alderdien baiezko botoekin aurrera egin duen testuan, baina, ez da berariazko debekurik ezartzen. Hala, babestutako espazio naturaletan eta horien eraginpean dauden inguruetan bertan babesten dituzten ingurumen baloreekin bateraezinak diren teknikak debekatuko dira.
Testuak zehazten duenez, babestutako espazio natural bakoitzaren kudeaketa edo planifikazio arduradunek erabakiko dute bateragarritasun maila.
Halaber, teknika horiek ingurumen baloreekin bateragarriak diren kasuetan, proiektuak ingurumen mailan izango lukeen inpaktua aztertzeko ebaluaketa egitea beharrezkoa izango da.
EH Bildu, kontra
EH Bildu izan da legearen moldaketa horren kontra bozkatu duen talde bakarra.
Dani Maezturen hitzetan, onartutako testuak espazio naturaletan frackinga erabiltzeko aukerari ateak zabalik uzten dizkio. Nafarroan, Errioxan eta Kantabrian frackinga debekatu dutela gogoratu die gainerako taldeei, eta ''energia 'lobby'-en interes ekonomia babesten'' aritzea egotzi die.
''Jurisprudentziaren kontrakoa''
Luis Javier Telleria EAJko ordezkariak azpimarratu duenez, onartutako testuak ''ingurumen baloreekin bateragarriak ez diren jarduera eta teknika guztiak debekatzen ditu''.
Natalia Rojok (PSE-EE), Mari Carmen Lopez de Ocarizek (PP) eta Gorka Maneirok (UPyD), bestalde, Arabako Batzar Orokorrek aurkeztutako proposamena ''jurisprudentziaren kontrakoa'' dela argudiatu dute.
"Fracking Ez Araba"
Bozketa bukatuta, agerraldia egin dute "Fracking Ez Araba" taldeko ordezkariek, eta onartutako moldaketak berariazko debekatua ez jasotzea salatu dute.