Gizartea -

Wert legea

Hezkuntzaren erreforma onartu du PPk, oposizioa kontra duela

Lomce legea behin betiko onartu beharko dute Kongresuan azaroaren amaieran, edo abenduaren haseiran. Oposizioaren kontrako botoak jaso ditu, Foro Asturias eta UPNkoak izan ezik, abstenitu baitira.

Alderdi Popularraren aldeko bozak baino ez ditu jaso Hezkuntzaren Erreformak. Irudia: EFE
Alderdi Popularraren aldeko bozak baino ez ditu jaso Hezkuntzaren Erreformak. Irudia: EFE
Kongresuak Hezkuntzaren erreforma onartu du PPren bozekin bakarrik

1:23

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hezkuntzaren erreforma, hau da, Lomce Legea, onartu dute Kongresuan dagoeneko PPren bozekin bakarrik.

Hezkuntza erreforma Senatura igorri beharko dute orain; oposizio guztiaren kontrako bozak jaso ditu legeak, Foro Asturias eta UPN alderdienak izan ezik, abstenitu baitira.

Orotara, aldeko 182 boz eta kontrako 137 jaso ditu, 2 abstentziorekin.

Zehatz mehatz, legeak PSOE, CiU, Izquierda Plural (IU-ICV-CHA), UPyD, EAJ, Amaiur, ERC, BNG, Coalicion Canaria, Compromis eta Geroa Bai aldeko botoak jaso ditu, eta Foro de Asturias eta UPNren abstentzioak.

Gobernuak Lomce behin betiko onartzea espero du Kongresuan, azaroaren amaierarako edo abenduaren hasierarako, 2014-2015 ikasturtean martxan jartzeko asmoarekin.

Jose Ignacio Wert Hezkuntza, Kultura eta Kiroletako ministroa (onarpenaren aurreko eztabaidan parte hartu du) bozketan izan da, eta Senatuan "babes gehiago izatea" eta elkarrizketa "eraikitzaile" bat lortzea espero duela adierazi du.

Wertek ezeztu egin du Lomce legeak eskola publikoa ezerezean utzi nahi duela, autonomia erkidegoen eskumenak bertan behera utzi nahi dituela, berdintasunaren printzipioen kontra egitea nahi duela eta autonomia erkidegoen hizkuntzak menpean izan nahi dituela, oposizioak leporatu dionez. Horren ildotik, ziurtatu du gaztelania eta beste hizkuntza ofizialak maila berean jartzen dituen lehengo legea dela.

PSOE, EAJ, CiU, Izquierda Plural (IU-ICV-CHA), Coalicion Canaria, Amaiur, ERC, BNG eta Geroa Bai alderdiek legea bertan behera uzteko asmoa agertu dute, gehiengo parlamentarioa aldatu bezain laster. Adostu eta irakurri duten testu batean salatu dutenez, proiektuak ez ditu "aldaketa nabarmenak" jaso, nahiz eta hamaika osoko zuzenketa eta 770 partzialak izan.

Lomce legearen proiektuaren eztabaida, eta zuzenketa partzialak, gaur hasi da Kongresuko osoko bilkuran, talde parlamentarioen hitzaldiekin; Jose Ignacio Wert ministroak arbuiatu du hasiera batean hitza hartzea Hezkuntza Batzordearen irizpena aurkezteko, baina, geroago, kritikak erantzutea erabaki du.

Miembros del Partido Popular, en el Congreso. Foto: EFE

Oposizioa, bat eginda

Oposizioak ia bat eginda jardun du gaur Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoaren (LOMCE) proiektua eztabaidatzeko Kongresuan egiten ari den osoko bilkuran. Hala, erreforma indargabetzeko konpromisoa berretsi dute talde gehienek, "hilda jaio" delako, eta "hezkuntza komunitateari entzun gabe eta tramitazioan ia aldaketarik sartu gabe" garatu delako.

Talde parlamentarioek hartu dute hitza lehendabizi, Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroak Legea aurkezteko agerraldia egiteari uko egin diolako. Gero, baina, taldeen kritikak entzunda, erreformaren alde egin du.

EAJko Isabel Sanchez Roblesek agertu duenez, gehiengo "zanpatzaile" batek egindako "mesianismoa" da lege hori. "Hizkuntza propioa duten erkidegoetako sistemen kontra egiten du, hizkuntzok ezerezean uzteko asmoz", salatu du.

Euskadin indarrean sartuko ez dela ohartarazi du Amaiurrek. Hain justu, eztabaidako agerraldirik deigarriena egin du Xabier Mikel Errekondo Amaiurko diputatuak. Besoak gurutzatuta igo da oholtzara, eskutan liburu banarekin, zigortuta dagoela iradokiz. Errekondoren hitzetan, "gure herriaren bihotzaren kontrako bonba da lege hau. Espainolizatzailea, zentralizatzailea, doktrinatzailea eta elitista da", salatu du tarteka euskaraz egindako agerraldian.

Talde katalanak ildo beretik mintzatu dira, eta erreformak Kataluniako Hezkuntza Legearen eskuduntzak urratzen dituela salatu dute. Joan Tarda ERCko diputatua harago joan da, eta honakoa adierazi du: "NODO garaiko gurutzada nazional katolikoa da, fanatismo hutsa. Franco gure hizkuntza hiltzen saiatu zen, eta ez zuen lortu; zuk ere ez", erantsi du Werti erreferentzia eginez.

Marti Barbera (CiU) diputatuak katalana eta gaztelania "modu bertsuan" errespetatzeko deia egin dio Espainiako Gobernuari.

Talde Mistoko Geroa Bai, Compromis, CC eta BNG alderdiek LOMCEren kontra bozkatuko dutela iragarri dute. Asturias Foroak, berriz, zuri bozkatuko du, erreforma baino "lifting leuna" dela argudiatuta.

"Alderdi Popularrak gehiengo osoa galdu arte, zonbia izango da eta alderdia arrastaka eramango du. Ez duzue garaituko, inor konbentzituko ez duzuelako", adierazi du Joan Baldovi Compromiseko diputatuak.

Mario Bedera PSOEko kideak salatu duenez, Wertek ez du "ezer negoziatu, eta Legea inposatu" baino ez du egin. Erreforma "zentzugabekeria politiko, pedagogiko eta juridikoa da, eta ez du eskola porrota konpontzen. Ez da bidezkoa eta baztertzailea da", esan du.

Caridad Garcia (Izquierda Plural) eskola publikoaren aldeko elastiko berde bat jantzita igo da oholtzara. Horren esanetan, "Wert legea laburra izango da, hilda jaio delako, eta zatitzailea, pribatizatzailea eta merkantilista da".

UPNko bozeramaileak ez du hitza hartu eta bozketan abstenitu egingo dela iragarri du.

Errekondo, goizeko eztabaidan. Irudia: EFE

Werten defentsa

Jose Ignacio Wert Hezkuntza eta Kultura ministroak hitza hartu du oposizioko taldeen kritikei erantzuteko. Hainbat bozeramaile parlamentariok haren kontra egin dituzten "irain eta begirunerik gabeko adierazpenei" erantzungo ez diela ohartarazi du ministroak. Horren arabera, erreformak "eskola porrotarekin amaituko du, ikasleei ibilbide malgu eta itzulgarriak eskainiz".

Euskaldunek eta katalanek hizkuntzaren alorrean egin dizkioten kritikei erantzunez, euskara eta katalana "gaztelaniaren pare" ipintzen dituen lehen erreforma dela adierazi du Wertek. "Erreformak erkidegoen hizkuntza ofizialak gutxiesten dituela esatea ez da bidezkoa, ezta egia ere. Gaztelaniaren maila berean ipintzen ditu hizkuntzok, ordu kopuruan eta erabilpenean, eta murgiltze linguistikoa errespetatzen du", erantsi du.

Eztabaidaren ostean, Kongresuko pasilloetan zela, Senatuan babes gehiago biltzeko eta taldeak "eraikitzaileago" izateko itxaropena agertu du Wertek. "Gaur, zoritxarrez, ez dugu hezkuntzaren egoera hobetzeko aukerarik izan", erantsi du.

Uriarte: ''Euskadik eutsi egingo dio bere hezkuntza sistemari''

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak "lasaitasun" mezu bat bidali du, eta Euskadik LOMCE legeari "aurre egin" eta bere hezkuntza ereduari "eutsi" egingo diola esan du.

Sindikatuen hitzetan, 'hezkuntzaren aurkako erasoa' da

ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuak Gobernuaren Ordezkariordetzak Bilbon duen eraikinaren aurrean bilkura egin dute LOMCE legearen aurka. Sindikatuen aburuz, PPk onartutako erreforma "hezkuntzak azken hamarkadan izan duen eraso bortitzena da".

"Erreforma zentralizatzailea, adoktrinatzailea, uniformizatzailea, atzerakoia, banatzailea eta elitista da", diote sindikatuek eta ez du "hezkuntza komunitatearen eta gizartearen babesa". Hori dela eta "Euskal Herrian ez ezartzea" eskatu dute. Sindikatuek Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuarilegea ez aplikatzeko eskatu diote.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua albisteak Hezkuntza legea berriak Alderdi politikoak bideoak Gizartea Gaurko titularrak Eguneko albisteak Hezkuntzako albisteak 2024 Sindikatuen azken ordukoa