Gizartea -
Asisera bisita
Aita santua: 'Elizak mundutarkeria espiritualari uko egin behar dio'
Frantzisko aita santuak Asisera egin duen bisitan bota du mezu hori. Herri horretan bertan, San Frantziskok jantzi guztiak erantzi zituen, mundutar ondasunei uko egiteko.
Erredakzioa
Frantzisko aita santuak Asisera, San Frantziskoren herrira, egin duen bisitan esan duenez, bere ustez, "Elizak mundutarkeria espiritualari uko egin behar dio, arima, pertsona eta Eliza bera hiltzen baititu". Gotzaindegiko Espoliazio Aretoan behartsuekin egin duen topaketan helarazi du mezua aita santuak.
Elizaren inguruko mezu hori bat-batean, aurretiaz prestatu gabe, bota du, hain zuzen ere San Frantziskok, mundutar ondasun eta aberastasunei uko egiteko, arropa guztiak erantzi zituen tokian, Asisko Gotzaindegiko Espoliazio Aretoan.
Frantzisko aita santua 07:45ean heldu da Asisera, eta, San Damianen santutegian adierazi duenez, mundutarkeriak "handikeria, larderia eta harrokeria" ekartzen dituelako iruditzen zaio Elizak uko egin behar diola hari.
Lehenago, urritasun edo gaixotasunen bat duten umeei egindako bisitan, Frantziskok mina eta sufrimendua "entzun eta aintzat hartu" behar ditugula esan du.
"Ez gaitezen suntsipen instrumentu izan"
Geroago, Asisko San Frantzisko plazan eman duen mezan, aita santuak bakerako deia egin du berriro, eta gizakia suntsipen instrumentu ez izatea eskatu du: "Gizaki guztiak errespeta ditzagun: buka daitezela lurra gorriz tindatzen duten gatazka armatu guztiak, isil daitezela armak eta, nonahi, ordezka dezala maitasunak gorrotoa, barkamenak laidoa eta batasunak liskarra”.
Ildo berean, "San Frantziskok horrenbeste maite zuen Lur Santuan, Sirian, Ekialde Erdikoan, munduan, indarkeria, terrorismoa eta gerra direla-eta negarrez ari direnen, sufritzen eta hiltzen ari direnen, oihua entzun dezagun", gehitu du.
Lampedusako tragedia "lotsagarritzat" jo du
Atzo Lampedusa uhartearen parean hil ziren etorkinei dagokienez, "lotsagarritzat" jo du gertakaria Frantsizko aita santuak. "Bakeaz hitz egiten ari gara, mundu osoan dugun krisi ekonomikoaz mintzo gara; gizakiari zor zaion errespetua galdu dugulako gaude egoera honetan. Ezin ditut aipatu gabe utzi, min handiz, Lampedusako hondoratzean hildako biktimak. Lotsagarria izan da", esan zuen ezbeharraren berri izan eta gutxira.
Frantzisko aita santuak egun osoa egingo du San Frantzisko Asiskoaren herrian, eta 20:00ak aldera itzuliko da Vatikanora, helikopteroz.