Gizartea -

Immigrazioaren drama

Itsasoaren baldintza kaskarrek erreskate lanak geldiarazi dituzte

Mediterraneoan immigrazioarekin lotuta azken urteotan izandako ezbeharrik larrienak 111 hildako utzi ditu, tartean ume eta haurdun asko. Desagertuta dauden 200 lagunen bila dabiltza, gainera.

Ehunka gorpu topatu dituzte , atzo Lampedusan 500 lagun zeramatzan ontzi bat hondoratu ostean. EFE
Lampedusan hildakoen gorpuak.
200 gorpu erreskatatu behar dituzte oraindik ere Lampedusan

1:16

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eguraldiaren eta itsasoaren baldintza kaskarrak direla eta, erreskate taldeek eta urpekariek Lampedusa uhartetik gertu hondoratutako ontzian dauden gorpuak itsasotik ateratzea ezinezkoa dute.111 gorpu atera dituzte orain arte itsasotik. Eguraldiak hobera egiten duenean berriro ere itsasora aterako dira erreskate taldeak gorpu gehiagoren bila. Angelino Alfano Barne ministro italiarrak jakitera eman duenez, ur azpian 46 metrora ondoratu dagoen itsasontziaren barruan gorpu ugari ikusi dituzte urpekariek.

Atsekabetuta daude Italia eta nazioartea. Lampedusan izandako ezbehar larriak immigrazioaren politika egoki baten gabezia eta Afrikatik etorritako lagunen zorigaitza agerian utzi ditu, beste behin. Ostegunean Italiako uhartetik gertu hondoratutako ontzian 500 lagun zeuden, gehienak somaliarrak eta eritrearrak. Azken datuen arabera, 111 hildako eta 200 desagertu daude.

Erreskate taldeak gainezka izan dira azken orduetan, 111 gorpu atera dituzte itsasotik. Bestalde, 155 lagun onik atera dituzte, tartean sei emakume eta bi ume. Bi haurdun Palermora (Sizilia) eraman dituzte, eta Lampedusako erietxera beste hiru lagun.

Etenik gabeko tragedia

Mediterraneoan, azken urteotan, izan den tragediarik latzenetakoa da honakoa. Etenik gabe, egunero, iristen dira etorkinak Lampedusara, itsasoz, batez ere, Afrika iparraldetik. Atzoko ezbeharra jazo  baino ordu batzuk lehenago, 463 pertsona heldu ziren italiar uhartera. Bertako agintarien hitzetan, "etenik gabeko izugarrikeria bizi dute. Jada, ez dakigu non sartu hildakoak, ezta bizirik iristen direnak ere", aitortu du Lampedusako alkateak.

Dolu eguna eta atsekabea, nazioartean

Italiako Gobernuak dolu eguna deitu du herrialde osoan, gaurko. Halaber, Giorgio Napolitano presidenteak Europar Batasunari igorri dio mezua, immigrazioaren gaiari heltzeko eta erabakiak hartzeko exijituz.

Napolitanoren ustez, etorkinak hartzeko Italian indarrean dagoen legedia aldatzea ezinbestekoa da, era honetako tragediak berriro gerta ez daitezen. "Italian immigranteak hartzeko legeak ezartzen dituen neurriak aztertu behar dira, ezer baino lehen, etorkinak modu duinean hartzea eragozten duten neurriak zeintzuk diren jakiteko.  Gizateriaren eta elkartasunaren oinarriak aintzat hartutako neurriak behar ditugu", esan du.

Tragediaren ondotik,  ika-mika politikoa ere berehala etorri da. Umberto Bossi Ipar Liga alderdi ultraeskuindarreko buruak gertatutakoaren "ardura morala" Cecile Kyenge Integrazio ministroari egotzi dio.  Bossiren hitzetan,  Kyengeren  jarrera "itxurazalea" da, eta etorkinak hartzeko zabaldu dituen mezuek biktimak baino ez dituzte eragin.

Jatorriz Kongokoa da Integrazio ministroa, adierazpen arrazista bat baino gehiago jasotakoa Bossiren alderdiaren aldetik. Lampedusakoa gertatu ondoren, ultraeskuindarren kritikak entzunda, Kyengek adierazi du italiar guztien kontzientziaren eta biktima guztien aurkako eraso bezala ulertzen dituela oposizioaren hitzok.

Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak ere nazioarteari egin dio deia. Ekintza eta neurri zehatzak hartzeko ordua dela esan du, immigrazioari konponbide "zuzen eta segurua" emateko.

Oihartzun gehien izan duen erreakzioa, dudarik gabe, Frantzisko aita santuarena izan da. Lotsagarritzat jo du Lampedusako tragedia. "Bakeaz hitz egiten ari gara, mundu osoan dugun krisi ekonomikoaz mintzo gara; gizakiari zor zaion errespetua galdu dugulako gaude egoera honetan. Ezin ditut aipatu gabe utzi, min handiz, Lampedusako hondoratzean hildako biktimak. Lotsagarria izan da", esan zuen ezbeharraren berri izan eta gutxira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrikako albisteak Migrazioa Gizartea albisteak Albisteak Gaur Albisteak Italiako albisteak Itotze kasuak